Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Bi bardo, bi herri: kantari-bikote bakarra, entzungai izanen da Elimberri Donapaleun

Okzitaniera eta euskara ahotsez ahots ariko dira Donapaleuko Bideak kulturetxean. Primaël Montgauzin eta Pantxix Bidart kantautoreek taula-gaina partekatuko dute. Bi herrien eta lengoaien historia latza oroitaraziko dute, kantaldi goxoa emanez.

Bi bardo, bi herri: kantari-bikote bakarra, entzungai izanen da Elimberri Donapaleun
Primaël Montgauzi eta Pantxix Bidart kantautoreak Elimberri taldean biltzen dira. AMIKUZEKO IRRATIA
Irulegiko Irratia
2025/11/12 18:46

Elimberri kantari eta musikari-bikoteak norberak bere lengoaia garraiatzen du. Baina ez edonola. Pantxix Bidart eta Primaël Montgauzi kantautoreak elkartu dituena haien lengoairen zanpaketa da. Lehena euskaraz ari da kantuz, bigarrena, berriz, okzitanieraz. Bien arteko lotura haien hizkuntzen minorizazioak egin du, nahiz eta ez diren arrunt ordezkapen-egoera berean.

Iraganari begira kantatuko dute Donapaleun, Sorgin Ehizaz, trobadoreen garaiaz... historia bakoitzak berea kontatuko du, oroitzeko nondik heldu diren, baina arazo unibertsala taula-gaineratuko dute: zanpaketarena.

Oren bat eta laurdeneko emanaldiaz gozatu nahi duenak, bi gitarra, akordeoia, melodia eta botza entzun nahi dituenak, badaki baduela hitzordua, azaroaren 15ean, Donapaleuko Bideak kulturetxean, 19:00etan.

Interesgarri izanen zaizu