1914-1918ko Lehen Mundu Gerlan hil ziren François Agirre eta Arnaud Jauriberri heletarrak, biek 21 urte zituztela.
Duela mende bat baino gehiago gerlan bizia galdu zuten, baina ez dira orai arte sekulan Heletako paper ofizialetan agertu.
Ahantzitako bi izen aurkituak
Jean Pierre Curutchet heletarrak bi urteko ikerketa lana egin du bi gazte hauen inguruan informazioa biltzeko. Ikerketa horri esker jakin da biak Heletan sortuak zirela, nahiz eta haien familiak herritik joanak izan —bata Hazparnera, bestea Donoztirira.
Ez ziren Heletako dokumentu ofizialetan agertzen, eta horregatik ez ziren orain arte oroit harrian aipatuak izan.
François Agirre, Ahanxoko auzokoa. François Agirre Heleta Ahanxokoan sortu zen. 21 urte zituela deitua izan zen gerlarat, eta 1915eko agorrilean hil zen Marne eskualdeko Valmy herrian, hegazkin batek botatutako bonba baten azpian.
Gerlako gudukalariek ekartzen zuten burdinezko eskumuturrekoa baizik ez zuten aurkitu; hura izan zen bere azken aztarna.
Arnaud Jauriberri, Hegiagaraiko gaztea. Bigarren gaztea, Arnaud Jauriberri, Heletako Hegiagaraian sortua zen. Honek ere 21 urte zituen gerlara joan zenean, eta Meuse eskualdean hil zen, frontean. Sarraskian bere arrastorik ez zen aurkitu, eta 5 urte pasa ziren heriotz deklarapena egin aitzin.
Gerlaren oihartzuna Heletan
Lehen Mundu Gerla deklaratu zenean, Heletan merkatu eguna zen. Elizako ezkilek jo zuten, eta gizon gazte guziak tropaka abiatu ziren ; lehenik Luhusora trena hartzera, gero Baionako geltokira, eta handik Frantziako gune desberdinetara bidali zituzten.
Ipar Euskal Herritik orotarat 32.000 gazte deituak izan ziren, eta horietatik 6.000 hil ziren gerlan. Heletak 39 gazte galdu zituen. (Frantzia mailan 8milio 400mila pasa deituak, milio bat eta lau ehun mila hil zirelarik, kolpatuak kondatu gabe)...... Jean Pierre Curutchet-ek dion bezala "hauek xifreak dira, pentsaketak egin arazten dauzkigutenak...." eta gehitzen du "gerlak ez du deus garbirik, deuse..."
Memoriaren betetzea
Jean Pierre Curutchet-ek memoriaren betetzeari atxikia da, eta Heletako bi gazte hauen inguruan atzeman dituen dokumentuak eta haien istorioak bildu ditu, herriaren memoria osatzeko.
Bi izen horiek —orain arte ahantziak— Heletako oroit harrian gehituak eta agertuko dira, azaroaren 11huntan.