Bidaxuneko lurraldeak garraio eskaintza eta ingurumenari loturiko ekimenak garatzen segitzen du. Urrian, Klima Astearen karietara, hainbat animazio eta formakuntza proposatuko ditu, haur, heldu eta herriko langileentzat.
Bidaxuneko lurraldean bi garraio mota eskaintzen dituzte herritarren mugikortasuna errexteko. Lehen zerbitzua 2021ean sortu zen, Amikuzeko esperientzian oinarriturik, eta gaur egun ere astelehenetik ostiralera ibilki da, herritarrak lurraldeko zerbitzuetara hurbiltzeko. Laguntzaileek gidatzen dute, eta Herri elkargoarekin lotura du zerbitzuak, honek baititu gidarien asegurua bere gain hartzen eta ibilgailua uzten. Zerbitzu horrek badu beste berezitasun bat ere: asteazken goizetan Peyrehoradeko merkatura joateko aukera ematen die herritarrei.
Klima Asteko ekimenak
Urrian eginen den Klima Asteari ere atxiki zaio Bidaxuneko lurraldea. Lehen ekimenak prestatzen hasiak dira, eta ingurumenaren inguruko animazioak eskainiko zaizkie haurrentzat aisialdi guneetan ari diren gazteei. Helduentzat ere ekimenak izanen dira. Herrietako langileak landare toxiko eta inbaditzaileei buruz formatuko dituzte. Herritarrek ere formakuntza batean parte hartzeko parada izanen dute. Azkenik, urriaren 7an, asteazkenarekin, gaualdi bat antolatua da Bardozeko zineman, La Rivière dokumentalaren inguruan.