Bidaxune (Baxe Nafarroa)

Bidaxuneko lurraldean, kanpotik heldu familiek orekatzen dute demografia

Bidaxuneko lurraldean sortze kopurua apaldu bada ere, kanpotik jin familiek biztanleria orokorraren bilakaera orekatzen dute.

Bidaxuneko lurraldean, kanpotik heldu familiek orekatzen dute demografia
Laurence Massondo Bessouat Burgue-Erreitiko auzapeza. AMIKUZEKO IRRATIA
Artzen Letona
2026/11/26 15:32

Tokiko bizitegi programaren emaitzak aurkeztu dituzte Bidaxuneko lurraldean. Azterketaren arabera, tokiko sortze kopuruak behera egin du, baina kanpotik jin familien etorrerak demografia orokorra orekatzen du. Bestalde, lurraldeko biztanle gehienak Bidaxunetik kanpo ari dira lanean. Datu horrek agerian uzten du bizitegiaren eta lanaren arteko harremana.

Panpa landare inbaditzailearen kontrako eguna

Bidaxuneko lurraldean panpa landarea gero eta eremu handiagoa hartzen ari da. Horren aitzinean, elkargoak gaiari buruzko sentsibilizazio lana segitzea erabaki du. Azaroko bilkuran aipatu dute Klima Astean abiaturiko lana. Panpa landarearen desagerrarazteari segida emateko, egun berezi bat antolatuko dute lurraldean.

Bi jauregiren berritze lanak

Azkenik, elkargoak Agramonten dituen bi jauregien kudeaketari buruzko berriak eman dituzte. Gixuneko jauregia martxoan idekiko dute publikoari, berritze lanen ondotik. Bidaxuneko jauregian, aldiz, obrak egiten ari dira. Bide bazterreko harresiak sendotzea dute helburu, erortzeko arriskua baitzen.

Interesgarri izanen zaizu