Donapaleu (Ipar EH)

Bideak gunea giro intimistan murgilduko da Museoen Gaualdian

Europako Museoen Gaualdiaren kari, Donapaleuko Bideak guneak ateak zabalduko ditu maiatzaren 23an, ostiral arratsean, 18:00etatik 22:00etara. Bisita gidatuez gain, kontzertu bat ere antolatua izanen da auditoriumean.

Bideak gunea giro intimistan murgilduko da Museoen Gaualdian
Alain Zuznafar, Bideak guneko koordinatzailea. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/05/21 06:00

Aurten lehen aldikoz parte hartuko du Bideak guneak Europako Museoen Gaualdian. Iaz ezin izan zuten hitzorduan parte hartu, eraikina obretan baitzen.

Antolatzaileek azaldu dutenez, arratsalde eta gau giro intimista sortzea dute xede. Bisitariek museoa nahi dutelarik ikusten ahalko dute, edo bisita gidatu baten bidez.

Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman behar da turismo bulegoarekin edo Bideak gunearekin harremanetan sartuz. Antolatzaileek jakinarazi dute eskari nahikoa baldin bada, bisita euskaraz ere proposatuko dutela. Bisita bakoitzean gehienez 20 lagun hartuko dituzte. Azpimarratzekoa da jarduera guziak urririk izanen direla.

Donapaleuko historia eta euskal kultura ardatz

Museoa klaustroaren inguruan antolatua da, eta bisitak Donapaleuren historia aurkezten du, Erdi Arotik gaur arte.

Lehen gelan, bisitaria Nafarroako Erresumaren garaiko Donapaleura murgiltzen da, bideo baten bidez. Ondotik, etxearen inguruko gaiak lantzen dira: laborantza, esku lanak eta eguneroko bizimoldea, besteak beste.

Bisitaren azken zatian, euskal kulturaren hainbat alderdi aurkezten dira, hala nola pilota edo herri kirolak.

Kontzertu batekin bururatuko da gaualdia

Gaualdia 20:30ean hasiko den kontzertu batekin bukatuko da. Okto'pus bikoteak musika eta poesia uztartuko ditu auditoriumean.

Interesgarri izanen zaizu