Martxoaren 6, 7 eta 8an saltegi handietako sarreretan Bihotzeko Ostatuetako bolondresak ikusiko dira hazkurria biltzeko, gero, beharretan direner banatzeko.
Bihotzeko ostatuek hazkurri-bilketak antolatu dituzte ondoko egunetarako, martxoaren 6an , 7an eta 8an, Ipar Euskal Herriko saltegi-sarreretan ikusiko dituzue beraz biltzaileak. Urtean behin egiten duten bilketa kanpaina da hau. Urtez urte, beharra handitzen ari da.
Amikuzeko Bihotzeko Ostatuetako Mari Do Gilentegi eta Yves Arruabarrena kideek esplikatu daukute zertan den Amikuzekoa: 35 bat bolontario dira Donapaleuko Bihotzeko Ostatuetako elkartearen baitan, 60 bat familiari banatzen dizkiete apairuak; 160 laguni. Iaz, orotara 33 000 apairu zerbitzatu zituzten, eta, bilketa honi esker, lau tona janari bildu.
Martxoko lehen asteburuko bilketarako beharrak zein diren zehaztu dute antolatzaileek: barazki- arrain- eta haragi-kontserbak; epizeriaren aldetik: irriza, irina, azukrea, kafea, tea, txokolatea eta olioa. Bai ere ikuzgaiak: xaboia, hortzorea eta sukaldeko garbikariak. Haatik, ez dute niniendako deuseren beharrik, ez baita horretarako beharrik momentuan.
Bihotzeko ostatuak ez dira baratzen janaria banatzetik, urte guzian ari baitira orain, ez lehen bezala, neguan bakarrik.