Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Bilkurak hobeki eramateko formakuntza Donapaleun

Garapen Kontseiluak elkarteetako laguntzaile eta arduradunei zuzendu formakuntza antolatu du Donapaleun. Irailaren 23an, 18:00etan, Indar mintegian eginen da saioa. Helburua bilkurak eta lantaldeak hobeki prestatzen eta gidatzen laguntzea da.

Bilkurak hobeki eramateko formakuntza Donapaleun
Anna Imbert animazio eta proiektu karguduna. GARAPEN KONTSEILUA
Artzen Letona
2026/09/22 09:55

Garapen Kontseiluak Donapaleun eskainiko du formakuntza, elkarteen laguntzaile, arduradun eta bulego-kideei zuzendua. Bereziki, lantaldeak, biltzar nagusiak eta bestelako bilkurak antolatzen dituztenei begira pentsatua da.

Ipar Euskal Herriko jendarte zibila ordezkatzen duen elkartea da Garapen Kontseilua. Lurraldeko erakundeen eta herritarren arteko gogoeta eta elkarrizketa bultzatzea du helburu, baita biztanleen eta lekuko eragileen arteko harremanak sustatzea ere.

Elkarteak laguntzea, barnekaldean ere

Formakuntza hauek urte osoan eskaintzen ditu Garapen Kontseiluak, urririk, Baionako Elkarteen Zentroan. Aurtengo erronka, aldiz, proposamen horiek barnekaldera eramatea da, tokiko jendeak Baionara joan beharrik izan ez dezan.

Elkarteek garai zailak bizi dituzten momentuan, Garapen Kontseiluak uste du garrantzitsua dela elkarteak sendotzea eta laguntzea, bereziki haiei laguntzen dieten pertsonei baliabide eta babes gehiago eskainiz.

Bilkurak prestatu eta hobeki gidatu

Irailaren 23ko saioan bilkurak prestatzeko eta gidatzeko hainbat gako landuko dira. Bilkuraren aitzinetik helburuak zehaztea, zer landuko den eta bilkura zertarako eginen den argitzea funtsezkoa da. Prestaketa egokiak eztabaidak gaitik atera gabe atxikitzen eta saioa gehiegi ez luzatzen laguntzen du.

Irailaren 23ko formakuntza Donapaleuko Indar mintegian eginen da, 18:00etan. Ondoko hitzorduak ere iragarriak dira: urrian, Bardozen, laguntzaileen mobilizazioa eta komunikazioa izanen dituzte hizpide; abenduan, berriz, Irisarrin, elkarte proiektuaren gaia landuko dute.

Interesgarri izanen zaizu