Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Biodinamian, homeopatian bezala, produktuak ez dira kantitatezkoak, kalitatezkoak baizik

Kalitate horren edukitzeko, BLE elkarteko biodinami taldeak ikastaldi bat antolatzen du apirilaren 28an Lohitzuneko Pedronia etxaldean, behi kakaren dinamizatzen irakasteko.

Biodinamian, homeopatian bezala, produktuak ez dira kantitatezkoak, kalitatezkoak baizik
Biodinami ikastaldia Lohitzuneko Pedronia etxaldean iraganen da, apirilaren 28an. BLE ELKARTEA
Xarlot Etxeberri
2025/04/16 15:08

BLE elkarteko biodinami taldeak egunaldi bat antolatzen du apirilaren 28an Lohitzuneko Pedronia etxaldean, behi kakaren dinamizatzen irakasteko. Praktika hori, biodinamiko mugimenduan kokatzen da. Lan egiteko manera berezi horretan, biologikoa hartuz oinarritzat, Lurra eta ingurumenaren indarrak baliatzen dituzte laborariek.

Adibide gisa, Lohitzuneko Pedronian, ongarri usaian baino aberatsago bat sortzen ikasiko dute laborariek. Neguan lurraren indarretaz aberasten utzi eta gero, lurpean behi adar baten barnean egona den behi kaka ongarri gisa baliatzen dute soroetan barreiatzeko. Duela ehun urte Ipar Europan sortu zen praktika horrek helburua du gehigarri baten sortzeko, indar gehiago emaiteko ekoizpener lurraren indarrer esker.

Autonomiari lotua den nekazaritza mota hori, geroz eta gehiago zabaltzen da gure eskualdean. Erabiltzaileen arabera, dinamiak indar gehiago emaiten ahalko lioke laborantza biologikoari, herrikoia eta giza neurrikoa egonez. Momentukotz, baratzegileak eta fruitugileak baldin badira erabiltzaile nagusiak, beste arloetan laborari frango entseguetan ari dira. Teknika desberdinak entseatzen dituzte etxalde bakoitzaren beharraren arabera.

Egunaldia apirilaren 28an iraganen da, Lohitzuneko Pedronia etxaldean, 10etatik goiti. Izen emaiteak 07 86 91 11 89 zenbakira deituz egiten dira. Bakoitzak bere janaria eta edaria ekarriko ditu, besteekin partekatzeko.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu