‘Ez gitxu lo’ talde feministak elgarretaratzera deitu du azaroaren 25ean, 18:30etan, Larzabaleko itzulgunean. Ondotik, 19:30etan, ‘Puzzleak, bortxaketaren jauregia’ film laburra emanen dute Ezpeletenian, Kote Kamatxo egilearekin solasaldia eginez.
Azaroaren 25a, bortizkeria matxisten kontrako nazioarteko eguna, baliatuko dute Larzabalen mobilizatzeko eta gai horren inguruan solastatzeko. ‘Ez gitxu lo’ talde feministak antolaturik, bi hitzordu izanen dira arratsean: lehenik, elgarretaratzea itzulgunean, eta ondotik, film proiekzioa eta solasaldia Ezpeletenian.
Kote Cabezudoren auzia, film baten abiapuntua
‘Puzzleak, bortxaketaren jauregia’ film laburra Donostiako Kote Cabezudo argazkilariaren aferan oinarritzen da. Hamarkadetan argazkilari ezaguna izan zen, eta emazte gazte eta adingabe anitz pasatu ziren haren estudiotik. Argazki-saioen gibelean, ordea, beste errealitate bat gordetzen zen: emazteen irudiak eta bideoak hartzen zituen, horietako ainitz pornografia-sareetan zabaltzeko. Sexu-abusuak ere egin eta filmatzen zituen.
2013an, sei emaztek salaketa aurkeztu zuten. Hala ere, argazkilariak zituen botere-harremanak eta sare zabalak zirela medio, aferak urte luzez iraun zuen isilpean.
Kote Kamatxo film egileak biktima bat ezagutu ondotik erabaki zuen istorio hori pantailara eramatea. Hastapenean, berak ere nekez sinetsi zuen aferaren hedadura. «Boterearen tentakuluak harrigarriak ziren, eta alde guzietara zabaltzen ziren», azaldu du. Politikariak, epaileak eta kazetariak ere tartean zirela aipatu du. Film egilearen arabera, bortizkeria horien biktima edonor izan zitekeen: «Zu zeu, zure alaba, zure laguna... Harrigarria da zenbat jendek jasan dituen abusu hauek».
28 urteko kartzela-zigorra
Aferaren salaketa publikoki egiteko, aktore talde ezagun batek bultzaturik, manifestaldi bat antolatu zen Donostiako karriketan. Ondotik, prozedura judizial luze baten buruan, Espainiako justiziak 28 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Kote Cabezudori. Zigorra sexu-erasoengatik, sexu-abusuengatik, haur-pornografiaren ekoizpen eta hedapenagatik, iruzurragatik eta justizia oztopatzeagatik ezarri zitzaion.
Oren laurden bat irauten du film laburrak. Kote Kamatxok zehaztu duenez, ez da film iluna: «Protagonista pertsona ederra da, oso hurbilekoa». Filmaren proiekzioaren ondotik, Kote Kamatxorekin solastatzeko parada izanen da Ezpeletenian, 19:30etatik aitzina. ‘Ez gitxu lo’ talde feministak oroer gomita luzatzen du azaroaren 25eko elgarretaratzera eta ondoko topaketara.