Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Bunuztar Xoriak dantza taldeak Italiako Gardako nazioarteko dantza festibalean parte hartuko du

Oztibarreko 28 gaztek euskal dantzak aurkeztuko dituzte Gardan, apirilaren 9tik 15era.

Bunuztar Xoriak dantza taldeak Italiako Gardako nazioarteko dantza festibalean parte hartuko du
Bunuztar Xoriak dantza taldekoak errepikan. AMIKUZEKO IRRATIA
Artzen Letona
2026/03/30 15:53

Oztibarreko Bunuztar Xoriak dantza taldeko 28 kide Italiako Garda herrira joanen dira apirilaren 9tik 15era bitartean, mundu mailako dantza festibal batean parte hartzeko. Euskal Herriko dantzak uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko dute, nazioarteko ikusleen aitzinean tokiko kultura ezagutarazteko xedez.

Aurtengo proiektua bereziki garrantzitsua da taldearentzat, antolaketa lan handia galdegiten baitu. Bidaia eta egonaldia finantzatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte azken hilabeteetan, eta herritarren laguntza ere bildu dute. Halaber, nahi duenak Helloasso plataformaren bidez ekarpena egiteko parada du.

Emanaldian, hamar minutuko tartea ukanen dute oholtzan. Denbora labur horretan, istorio bat kondatu eta dantzen arteko lotura koherentea eraikitzea izanen dute helburu. Horretarako, koreografia zehatza landu dute, baita 28 dantzarien kokapena eta mugimenduak ere. Musikaren alorrean, Iparralaiko txarangako gazteek lagunduko dute taldea, zuzeneko doinuekin emanaldia osatuz.

Italiako esperientziaren ondoren, Bunuztar Xoriak taldeak bere jarduerarekin segituko du. Maiatzean Tulalaikan ariko dira, eta ekainean beste festibal batean parte hartzea aitzinikusia dute.

Interesgarri izanen zaizu