Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Burgaintzik 50 urte ospatuko ditu Donapaleun urriaren 24 eta 25ean, 250 lagun taula gainean

Burgaintzi dantza taldeak 50 urte betetzen ditu, eta mende erdia ospatzeko ikusgarri berezia prestatu du urriaren 24 eta 25erako, Donapaleuko Airetik gelan. ‘Burgaintzi dantzan bizi’ izeneko emanaldian, 250 bat kide iganen dira taula gainera.

Burgaintzik 50 urte ospatuko ditu Donapaleun urriaren 24 eta 25ean, 250 lagun taula gainean
Burgaintzi dantza taldea. BURGAINTZI
Mattin Lerissa
2026/10/22 09:48

Amikuzeko Burgaintzi dantza taldearen ibilbidea Arbotin abiatu zen, 1976an. Tokiko gazteek ganer batean ikasten zituzten jauziak. Irigoien apezak, euskal kultura biziarazteko eta hedatzeko xedearekin, parropiako indarrak bildu zituen, eta dinamika abiatu zen. Pixkanaka, elkartea egituratu eta handitu zen, dantza eskola, haur eta helduen abesbatzak eta txaranga sortuz.

Gaur egun, 150 bat kide biltzen ditu Burgaintzik. Haur anitz ari dira dantzan, eta urtez urte gero eta gehiago hurbiltzen dira elkartera. Gazteek ere ikusgarriak eskaintzen dituzte inguruko herrietan, eta bidaiak antolatzen ere atzerrian. Laure Duhalderen arabera, taldearen iraupenaren sekretua belaunaldien arteko transmisioa da. «Gazteek haurrei erakusten diete, dantzak eta musika ere bai», azaldu du. Ohitura horri jarraikiz urteburuko ikusgarriak transmisioaren inportantzia agerian jarriko du.

250 kide taula gainean

‘Burgaintzi dantzan bizi’ ikusgarrian 250 bat lagunek parte hartuko dute: 130 dantzarik, 80 bat haurrek, 23 musikarik eta 30 kantarik. Gaur egungo kideez gain, dantzari ohiek ere espartinak jantziko dituzte. Ikuskizunaren prestaketak 2025eko urtarrilean hasi ziren, dantzak sortu eta egitaraua finkatuz. Dantzariek berek beren koreografiak sortu dituzte. Musika moldaketak, aldiz, Eki Lambertek egin ditu, eta abesbatzaren prestaketarako Serge Labescaurekin aritu dira.

‘Burgaintzi dantza bizi’ ikusgarria urriaren 24an eta 25ean emanen dute Donapaleuko Airetik gelan.

Interesgarri izanen zaizu