Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Buru beltza elkarteak gasna soto bat irekiko du Donibaneko Zitadelako lur peko harrizko galerietan !

Leku eder bat zinez atzeman dute Buru Beltza elkarteko kideek, harrizko murruekin, arku formako plafoiarekin, gasna ontzeko gune arras egokia.

Buru beltza elkarteak gasna soto bat irekiko du Donibaneko Zitadelako lur peko harrizko galerietan !
Donibane Garaziko Zitadela pekaldetik sartzen da galerietara - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/05/06 09:38

Badu orai zonbait urte elkartea ari dela lanean gasnategi desberdinekin, ardi buru beltzekin egin gasnarekin marka berezi baten sortzeko, ekoizten den esnea gasnategiek berex biltzeko eta berex gasnatzeko. Eta hiru gasnategik proiektu hau segitu dute, Etxaldea, Azkorria eta Arradoi.

Ondotik ardi buru beltzen esnearekin egin gasnak aski “berdinak”, aski itxura berekoak izan daitezen, elkarteak xekatu zuen gasna ontzeko leku bat Garazi aldean. Leku bat bisitatu eta ez zen bururaino joan. Eta hor jin zen Zitadelako lurpeko galeria baten baliatzeko ideia.

Leku hortan lehen gasna ontze entseguak egin ziren 2022an, eta urte hartan uda ezinago beroa izan zen. Galerian tenperatua igan zen 17gradoraino. Muga bat gasnen ontzeko, bainan lehen entseguak baikor izan ziren.

Donibane Garaziko herriko etxea da leku hauen jabea ; eta haren baimena ukan ondotik, proiektua aitzina segitu dute ;  Bâtiments de France egituraren baimena ere dute, lekua baliatzen ahal dute bainan egitura hunki gabe. Orai ari dira beraz ikertzen nola tresnatu, hezetazuna kontrolatzeko eta airea aldatzeko sistema bat plantan ezarriz.
Leku horren tresnatzeko, 50-60 mila euroko buxeta liteke. Eta untsalaz 2 urte barne prest izan behar liteke.

Elkartearen beste proiektuetan da ere artilearen balorizatzea, gaur egun artile gehiena artzain laborariek erretzen baitute. Artilearen baliapenarentzat, elkarteak bide onean diren harreman batzu ardietsi ditu Maroka eta Sardinia aldeko tapizier egile batzuekin, ondoko hilabeteetan sakondu behar litaizkeenak. Lan konplikatuena izanen da artilearen garbitzeko lekuen atxemaitea, sanotasun arrazoinez ez baita artilea nola nahika esportatzen ahal.

Izan ardi buru beltza markarekin ekoiztu gasna, edo ardi buru beltzaren artilearen baloritzatzeko egiten diren desmartxak, helburu nagusi bat dute : manex ardi buru beltza arraza bizirik atxikitzea. Gaur egun 100bat artzain dira ardi buru beltzekin lanean ari, eta 70 000ko bat  ardi buru beltz kondatzen da orotarat.

BIDEOA hemen klikatuz


Lehen argazkia : Mikel Negueloua, Donaixtiko artzaina eta Buru beltza elkarteko ko-presidenta
Bigarren argazkia : pasabide horren puntan gasna sotoko sartzea

Interesgarri izanen zaizu