Bi urtez antzerkirik ez proposaturik, armendariztarrak Pantzo Hirigarairen komedia berri batekin itzuliko dira taula gainera.
Bi urteren buruan, Armendaritzeko antzerkilariak berriz iganen dira taula gainera. Azken bi urteetan ez dute antzerkirik eskaini: jaz, herriak Sebastien Ihidoiren omenez ikusgarri handi bat muntatu baitzuen; eta duela bi urte, berriz, herriko sala obretan baitzen.
Aurten, berriz, usaiari jarraikiz, Pantzo Hirigarairi galdegin dakote antzerkia idazteko. Idazleak bere 24. antzerkia ondu du, eta, usaian bezala, komedia bat da: ‘Debrukeriak’.
Aperitifa batek piztuko dituen nahasmenduak
Antzerkiaren ixtorioa aperitifa baten inguruan gertatzen da. Bi familia elkartuko dira elgar ezagutzeko: alde batetik, langile familia xume bat; bestetik, notario familia aberats bat. Bi familietako alaba eta semeak elgar maite dute eta ezkondu nahi lukete, baina ezkontza horrek ez ditu guziak ados ezartzen.
Tentsioak eztitzeko xedez, aperitifa baten inguruan elkartzea deliberatuko dute. Baina, ustegabean, haurdun den emazte gazte bat agertuko da, erranez ezkondu behar den gizona dela haren haurraren aita.
Egia ala gezurra?
Nor ote da emazte hori? Nundik heldu da? Egia erraiten ote du? Eta zer gordetzen du gizonak? Galdera horien guzien ihardespena ‘Debrukeriak’ antzerkian aurkituko dute ikusleek. Antzerkia uztailaren 10ean eta 13an emanen dute, 20:30etan, Armendaritzeko Zuentzat gelan.
