2014tik Behauzeko auzapeza den Didier Irigoinek berriz aurkeztea erabaki du. Aurten parekotasuna ezinbestekoa dela eta, azkenean emazteak kontseiluan sartuko dira, hamabi urtez axuant postu guzietan gizonak baizik ez direnez ibili.
Didier Irigoin Behauzeko auzapeza hirugarren aldikotz berriz aurkeztuko da 2026ko herriko bozetan. 2014an auzapez bilakatu zen, eta bi mandaturen ondotik, Behauzeko herriaren aldeko lana segitu behar duela uste du. Ondoko kargualdiari begira, parekotasuna izan da erronka handiena, emazterik gabe ere ontsa bizi den taldearendako.
Dinamika bizia Behauzeko karriketan.
250 biztanlek osatzen dute, gaur egun, Behauzeko herria. Kopuru hori emendatzen doa, Didier Irigoinek azaldu daukunez, galdera frango badituzte Amikuzeko herri ttipian plantatzeko, nola gazteen partez, hala adinekoen partez. Eskaera horri erantzuteko, alde batetik zazpi etxebizitzako lotizamendu berria sortu dute azken mandatu hortan. Beste aldetik, heldu den kargualdi begira, proiektu handia eramaiten du Irigoinen ekipak, lur bat erosi baitu Herriko Etxeak, bospasei apartamendu sortzeko asmotan, eraikiko duten etxe batean.
Ildo beretik, lur horri esker, eliza eta frontoi inguruko eremua berriztatu eta hobetu nahi lukete heldu diren hilabete horietan. Dinamika hori azken mandatuan hasi zuten, eliza, hilerria, herriguneak eta plaza osoki arraberrituz. Auzapezaren arabera, lan horiek eta dinamika horren mantentzea, behauztarren mobilizazioari esker posible da. Nahiz eta herri ttipia izan, elkarte pila batek erritmoa emaiten dakote karriketako biziari.
Preseski Herriko Etxeko ekipari esker onak eman dazko gure mikroan Irigoinek. Azaldu daukunez, beste lan bat behar da holako herri ttipi batean auzapez izanik. Hori dela eta, Parisen ari da lanean eta antolaketa handiaren beharra du distantziaren kudeatzeko. Herritar guziendako erreaktibo izaitea beharrezkoa dela eta, telefonoaren bidez egiten duen lanaz gain, bere ekiparen rola ezinbestekoa dela adierazi dauku.
Ekipa eraginkorra, baina %100 maskulinoa.
2014tik hameka gizonek dute kontseilua osatzen Behauzen, hots, emazterik ez zen axuenten artean. 2020an bi axuant kontseilutik joan zirelarik, bi emazte motibatzen entseatu omen zirela erran dauku Irigoinek, arrakastarik gabe. Auzapezaren arabera, emazteak sarrarazi nahi zituzten, lortu gabe, haien arrazoinak zituztela eta. Azkenean, bi mandatuz, emazterik ez da izan taldean. Emazteendako espresio lekuaren eskasa? Gizonen rola dela politika egitearen ideia belaunaldi oso batean sustraitua eta barneratua? Auzapezak ez du erantzunik, baina bere ikuspundutik, hitza hartzeko lekua badute, baina nahirik ez.
Aurten parekotasuna baitezpadakoa dela eta, arrakasta ala ez, gainditu behar izan duten oztopoa izan da. Azken finean bost emazte eta sei gizon izanen dira zerrendan, horietarik bost axuant ohi, baita biztanle berri zonbait, hala Behauzeko familia zahar batzuk. Didier Irigoinen arabera, zerrenden nahastearen kentzeak lagundu ahal izan du, emazte axuant gai batzuen atxemaiteko. Bere izena zerrendatik kendua ikustea beldurgarria eta deserosoa zen ainitzendako, eta posibilitate hori desagertzeak engaiamendua errexago bilakaraziko luke, nola emazteendako, hala gizonendako.
Dirudienez, ez litzateke beste zerrendarik aurkeztuko Behauzen.