EPFL egiturak erosi du 200.000 eurotan trinketea, eskola bertara mugitzeko xedearekin.
Domintxineko herriak hainbat aldaketa eta proiektu garrantzitsu ditu aitzinean. Sauveur Urrutiaguer auzapezarekin mintzatu ondoan, herriko egunerokoan eragina ukanen duten berrikuntzen berri eman dauku.
Lehenik, bide bazterrean erortzen ari den etxe handia botatzeko erabakia hartu du herriko etxeak. Eraikin zahar horren ordez, bi eraikuntzetan banatuko diren zortzi apartamendu eraikiko dira, herrian bizitegi aukera gehiago sortzeko helburuarekin. «Herria biziarazteko eta gazteak herrian atxikitzeko», azaldu du auzapezak.
Bestalde, 200 000 eurotan eskuratu dute herriko trinketa, eta bertan Domintxineko eskolaren ezartzeko proiektua dute. Eskola berria egiteko egitasmo horrek haurrei eta irakasleei egokiago egokitutako espazioak eskaintzea du helburu.
Eskoletako mugimenduek beste egitasmo bat ere ekarri dute: gaur egungo eskola zaharrean logelak sortzeko xedea dute, proiektua jatetxeari loturik garatuz. Herriko jatetxeak sei urte beteko ditu aurten, eta hasieratik kudeatzaile berdinak izanik, herritarrak den zerbitzuarekin kontent dira.