Donaixti-Ibarre (Baxe Nafarroa)

Donaixtiko herriak bere gazteak atxiki nahi ditu etxebizitza sozialak proposatuz

200 bat biztanle dira Donaixtin gaur egun. Eta herri xume batean, gazteen dinamika inportantea da. Horrendako, herriko etxeak berrikitan bi apartamendu soziala estreinatu ditu, lehengo eskola publikoa berrituz.

Donaixtiko herriak bere gazteak atxiki nahi ditu etxebizitza sozialak proposatuz
Larzabalen ideki zelarik RPI edo herrien arteko eskola, hutsik gelditu zen Donaixtiko lehengo eskola publikoa. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/10/13 08:00

Herri ttipietan ere, tokiko gazteei itzulia den etxebizitza politika posible dea? Duela guti bi etxebizitza soziala estreinatu dituzte Donaixtin, eta beste hiruzpalau ere egin beharko lituzkete ondoko urteetan. 200 bat biztanleko herri batendako, gazteen atxikitzea problematika zentrala da.


Lehengo eskolan, gaurko gazteak


Donaixtiko zentrotik ateratzean Oskaxeruntz, pilota plaza ezkerrean utziz hor berean eskuinetarik da herriko eskola publiko ohia. Hor dituzte bi apartamendu soziala egin hautetsiek. Eskola hori hutsik egon zen azken hamarkadetan baina erran behar da halere azken 20 urteetan norbait bizi izan dela hor.


Azken egoiliar hori joan eta, duela lau urte, bastimenduaren estatua ikusita, gogoetatzen hasi zen herriko kontseilua. Azkenean, ehun metro karratuko bi apartamendu soziala egin dituzte, 525€-ko alokairuarekin.

Joanes Laco herriko lehen axuantak erran dauku populakuntzari buruzko arrangurak bazituztela azken urteetan. Biztanleriaren %30 baino gehiagok 60 urteak pasa ditu, eta azken urteetan gazte anitz Maulera, Donibane Garazira edo Donapaleura bizitzera abian zen. Proiektu horrekin, helburua zen batzuei herrian egoteko paradaren ematea.


Hastapenean herriko bi gazte horien alokatzeko prest baldin baziren, azkenean bat da bakarrik sartu. Beste apartamenduan sartu da adineko pertsona bat.

Orotara, 400 000€-ko proiektua izan da. Herriak bere gain hartu ditu 175 000€, eta gaineratekoa kanpoko eragileei esker finantzatu du.

Joanes Laco Donaixtiko lehen axuanta da. IRULEGIKO IRRATIA

Beste eskola ohi baten berritzeko proiektua

Donaixtira sartzean beste eskola ohi bat ikusten ahal da: lehengo San Mixel kolegioa. Hor ere, herriko etxeak proiektu gotorra muntatu nahi du. Duela zonbait urte bastimenduak berriz erosi zituen, eta azken detaileak finkatzen ari dira.


Alde batetik etxebizitza sozialak nahiko lituzkete egin, Habitat Sud Atlanticekin: hiruzpalau apartamendu aitzin ikusten dituzte. Eta bestalde, PNR edo Eskualdeko Parke Naturalaren bulegoak hor antolatzeko pista serioski lantzen ai dira.

Interesgarri izanen zaizu