Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Donapaleuko herriko langileen artean, 12 agentetik 5ek badakite euskaraz lanean aritzeko heinean

Donapaleuko herriko etxean herritarrekin harreman zuzena duten 12 langiletarik bostek dute euskaraz lan egiteko behar den maila. Donapaleuko herriak eta Euskal Hirigune Elkargoak eraman duten lanaren emaitza da.

Donapaleuko herriko langileen artean, 12 agentetik 5ek badakite euskaraz lanean aritzeko heinean
Xan Antton Durruty. AMIKUZEKO IRRATIA
Artzen Letona
2026/11/09 14:55

Euskara zerbitzu publikoetan txertatzeko egin lanaren berri eman dute Donapaleun, herriko etxearen eta Euskal Hirigune Elkargoaren arteko elkarlanaren karietara. Herritarrekin harremana duten hamabi langiletarik bostek badute euskaraz lan egiteko gaitasuna.

Lana hiru zerbitzutan eraman dute: harreran, Bideak gunean eta zerbitzu teknikoetan. Langile horien euskarazko gaitasuna indartzeaz gain, erdaldun diren langileei euskara ikasteko aukerak lantzen ari dira.

Euskara zerbitzu publikoetan

Euskal Hirigune Elkargoak dirulaguntza mugatuak eskaintzen dizkie herriko etxeei, komunikazioa elebiduna izan dadin. Donapaleuko herriko etxeak baliatu du laguntza hori.

Bestalde, Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza sailaren antolaketa eta egitekoak ere aurkeztu dituzte. Euskara eta Okzitaniera sustatzeko hizkuntza-politikaz arduratzen den zuzendaritza bat da. Hamabi langilek osatzen dute saila, eta bakoitzak bere arlo berezia du. Batzuek elkargoko zerbitzuetan euskararen presentzia lantzen dute; beste batzuek, herriko etxeekin dute harremana.

Transmisioa eta hizkuntzaren kalitatea

Hizkuntza sailaren beste lan-ardatz bat transmisioa da. Arlo horretan, haurtzaindegiekin eta aisialdi guneekin egiten dute lan.Azkenik, hizkuntzaren kalitatea eta mugaz gaindiko harremanak ere sailaren egitekoen artean dira.

Donapaleuko herriko etxean egin lanak erakusten du herritarrekin harreman zuzena duten langileen artean euskarazko gaitasuna indartzeko urratsak egin direla. Haatik, erdaldun diren langileei euskara ikasteko bideak eskaintzea ere lehentasunetarik da.

Interesgarri izanen zaizu