Donapaleuko herriko kontseiluak euskararen aldeko hizkuntza politika sustatzeko deliberoa aho batez onartu du.
Deliberoak euskararen aldeko hizkuntza politika sendo baten segurtatzea du xede. Donapaleuko herriko etxeak euskara «herriaren lurraldeko ondare kulturala eta hizkuntza» gisa sustengatzeko eta bultzatzeko engaiamendua hartu du. Pettan Aizaguer auzapezak azpimarratu du deliberoa Sarako eta Baionako herriek hartu dituztenen ber heinekoa dela, nahiz eta legearen aldetik zenbait egokitzapen egin behar izan diren.
Ospitalearen inguruko saturazioa
Ospitalearen inguruko egoera ere aipatu dute hautetsiek. Gunea saturatua dela ikusirik, Aiziritzeko herriarekin gogoeta fase bat eraman beharko dute, ingurua segurtatzeko eta arnasgune bilakatzeko. Bestalde, herriko etxeak Facebook bidez komunikatzea erabaki du.
Zangotzarekin harremanak bizirik
Donapaleu Nafarroako Zangotza herriarekin senidetua da, eta harreman horren karietara asteburu huntako bestetara joateko gomita luzatu diete herritarrei. Azken urteetan bezala, herritar talde bat bizikletaz joatekoa da.