Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Donapaleuko merkatu estalia itxura berria hartzen ari da

Xede zabal baten kari, merkatu estalia, Xerri Merkatua, eta bien arteko gunea berriztatuko du Herriko Etxeak. Obrak larrazkenean hasi dira, eta 700 000€ kostatuko dituzte. Merkatura joan gira ostiral guziz merkatuan diren saltzaileekin hitz egiteko.

Donapaleuko merkatu estalia itxura berria hartzen ari da
Larrazkenetik, ostiraletako merkatuko saltzaileek toki berezietan usatu behar izan dute obrengatik. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/01/07 11:36

Donapaleuko merkatu estalia itxura berria hartzen ari da. Larrazkenetik, ostiraletako merkatuko saltzaileek toki berezietan usatu behar izan dute, obra handiek merkatu estaliari bizi berri bat emaiten dakotelako. Hain zuzen ere, duela urte batzuk, erakunde bati esker, Donapaleuko Herriko Etxeak hiri zentroa arra dinamizatzeko lana hasi zuen. Herritarrek eta hautetsiek eramanik elkar lanaren ondotik, merkatu estalia berriztatzea hautatu zuten.

Larrazkenean hasi zituzten obrak, eta hilabete batzuen epea iragarri zuten, ezin zehaztuz obren iraupena. Herriko Etxearen proiektua, sartzeko gogo gehiago emaitea da, ohartu ondotik azpi egitura bakarrik merkatuan eta hauteskundeetan baliatua dela. Merkatu estaliaren freskatzeko, kanporuntz idekitzeko, eta errexkiago berotzeko asmotan ibili dira obra horier esker, behin bukatuta, gauza berriak izan daitezen barnean.


Proiektu zabal bat eramaiten du Herriko Etxeak.

Xede zabal batean sartzen dira bi berriztatze horiek. Izan ere, merkatu estalia bukatu eta gero, Xerri Merkatua dute freskatuko, parean denaren ber estiloa ukaiteko. Ezker pareta ttipi bat eta eskalada murru ttipi bat sortuko dituzte barnean, nahiz eta beti libroki baliatzen ahalko den, aterpe gisa adibidez. Ildo beretik, bi lekuen arteko tokiaren hobetzea aurreikusi du Herriko Etxeak. Gaur egun aparkaleku batek bereizten baditu bi merkatuak, asmoa dute eremu hori oinezkoen alderdia bilakarazteko. Aparkalekua kendu eta, berdetuko dute eremua, ibiltarier bakarrik idekirik.

Proiektu horrek kezka batzuk sortu ditu Donapaleuko herritarren eta komertsanteen artean. Zein amikuztarrek ez du sekulan zailtasunik topatu merkatu estaliaren gibelean aparkatzeko ostiral goiz batez merkatua gorenean delarik? Aparkaleku horren kentzeak leku eskasaren arazoa berpiztu die saltzaile eta bezeroer. ibiltariendako bakarrik. Herriko Etxeak, bere aldetik, kezkak lasaitu nahi ditu. Bere arabera, lekuak ez dira desagertuko, baizik eta mugituko dira, Saint-Elisabeth zahar etxearen aitzinean den aparkalekura. Plaza horren berriz antolatuz, lehen baino 21 leku gehiago hitzeman dituzte hautetsiek.


Aitzin kondu potoloaren aitzinean, Herriko Etxeen aterabideak...

Aitzin konduer dagokienez, merkatu estaliak 740 000€-ko buxeta sortu du, Xerri Merkatuak 100 000€-koa, eta bien arteko oinezkoen guneak 400 000€-koa. Zenbaki potoloak, baina Herriko Etxeak partez bakarrik finantzatuko dituenak. Estatuak 220 000€ hornitu beharko lituzke, Hirigune Elkargoak 300 000€ emanen duen bitartean. Ororen buru, Herriko Etxeak %20etan baizik ez du finantzatuko proiektua.

Interesgarri izanen zaizu