Astean behin Donapaleuko Saint Louis zine gelak entzumen urrikoer saio bereziak proposatzen dizkie. Proiekzio horietan, egokitze bat plantatua da, soinutik iragaiten diren informazioak ikumenetik harrapa ditzan publikoak.
Badira aste batzuk orain Donapaleuko Saint Louis zine gelak entzumen urrikoer saio bereziak proposatzen dizkiela. Zinema arloan, gaur egun, geroz eta film gehiagok egokitze hori proposatzen dute, gaizki entzuten dutenendako eta elkorrendako, diskriminazioen hausteko asmotan.
Printzipioa errexa da, azpitituluak gehitzen dazkote irudiari, pertsonaien hitzak eta erreplikak bistan dena, baita gibelean filma apaintzen eta entzuten diren soinuak eta musikak deskribatzeko ere. Kolore desberdinezko testuak agertzen dira pantailan beraz, informazio motaren arabera, soinutik transmititzen denaren ordezkatzeko.
2025 urte bukaera honetan, astean behin saio berezi bat proposatzen du Saint Louis zine gelak. Marrazki bizidunak, abenturazko filmak, edota komediak... estilo desberdinen proposatzea entseatzen dira, adin eta profil guzietako entzumen urrikoek eskaintza bat ukan dezaten. Aspalditik galdera egina izan bazen ere, denbora behar izan du egokitzea teknikoki plantan ezartzeko.
Jerôme Alkhat Argitze elkarteko lehendakariak zehazten badauku hastapen bat baizik ez dela, beste publiko desberdin zonbaitek egokitze lan hori beharko luketelako, hala nola itsuek edo gaizki ikusten dutenek; bidea idekitzen zakote berrikuntzer eta diskriminazioen murrizteari.