Amikuztar gazteek programazio betea sortu dute Biduzeko errekako bazterrak eta inguruaren ezagutarazteko. Lurraldeak, animaliak, xoriak, eta erreka landuko dituzte hizlari desberdinekin.
Munduko Naturaren eguna martxoaren 3an iragaiten baldin bada, Donapaleun beste egun batez ere natura ospatuko da. Donapaleuko herriko etxeko gazteen kontseiluak apirilaren 26an, ibiakoitzez, naturaren eguna antolatzea deliberatu du, Biduzeko errekako bazterrak eta ingurua hobeki ezagutzeko.
Ohartu baitira haien lurraldeko ingurumena ez dutela ongi ezagutzen eta lanjerrean dela, arratsalde batez, tailerrak antolatu dituzte animaliak eta landareen ezagutzeko, baita naturaren babesteko ere.
12:00etan hasiko den piknika partekatuaren ondotik, 14:00etatik 17:00etara tailerrak izanen dira, dener idekia, eta kitorik. Adibidez, naturaren marrazteko tailer bat animatuko du Ana Etcheparebordek. Euskal Herriko CPIEk uraren garbitasunaren bio indikatzaileak, espezie inbaditzaileak eta exotikoak eta lekuko xorier buruzko animazioak proposatuko ditu. Ildo beretik, AAPPMA arrantza elkarteak lagundurik, amuarrainak laxatzen eta arrantzatzen ahalko dira. Azkenean Biduzeko errekako bazterrak ezagutzen ahalko dira Xalbaterrako kayak elkarteari esker.
2026ko munizipalistak hurbiltzen baitira, gazteen kontseiluaren azken proiektuetako bat da. Aukera izan da, beraz, bilan positibo baten plantatzeko gazteekin. Kontseiluak euskaraz egiteaz gain, haien ideiak bururatzeaz eta ekitaldiak antolatzen ikastaz harro dira Amikuztarrak.