Akitania Berria mailan bost proiektu lehian dira : Bordaleko eta Ageneko elizak, Saint Justin-eko kapera, Brantômeko harpeak eta Donibaneko Zubipuntako Andredena Maria eliza. Gune hauetan egitekoak diren obren finantzatzeko egiten da bozkaldia.
Bozken bidez hautatuko den proiektuak Ondarearen Fundazioaren dirulaguntza bat eskuratzen ahalko du, gune horietan behar diren zaharberritze-lanak finantzatzen laguntzeko. Lehen saria 25.000 euroko laguntza da; bigarrena 15.000 eurokoa eta hirugarrena 10.000 eurokoa.
Donibaneko elizaren historia, XIII. menderaino
Donibane Garaziko eliza hobeki ezagutzeko, Bixtori enpresako Bixente Hirigarai historia-adituarekin mintzatu gira. Haren arabera, gaur egun ezagutzen dugun eliza eraiki aitzin, kapera bat bazen leku hortan.
Garai hartan, gaurko herri harresitua sortu baino lehen, Urgain izeneko herrigune zaharrago bat bazen. Eliza, orduan, gaur egungo Toki Eder xahar etxearen lekuan kokatua zen. Horren lekuko da oraino xahar etxeko atea, eliza zaharraren aztarna adierazgarria erakusten dituenak. XII. mendearen hondarrean, Antso Jakitunak gaztelua eraiki zuen. Gero, haren seme Antso Azkarrak herri harresitua eta gaur egungo eliza eraikiarazi zituen, XIII. mendean. Elizak, beraz, defentsa-sisteman ere bazuen bere lekua. Horren arrastoa ikus daiteke oraino ezkil-dorre azpitik iragaiten delarik: pasabidea gotortua zen, eta burdinazko sare baten bidez hesten ahal zen.
Mendeetan zehar hainbat aldaketa
Urteak joan ahala, elizak hainbat moldaketa eta handitze-lan ezagutu ditu. Populakuntzaren emendataketarekin, beste hainbat euskal elizatan bezala, goratua izan zen, galeriak ezarriz.
Eraikineko harrieri hurbiletik so eginez, hargin desberdinen markak ere ikus daitezke. Bi harri mota erabili zituzten eraikuntzan: kareharri grisa eta harri gorria.
Elizak bazuen, gainera, ospitale-zati bat. Konpostelako bidean ziren beilariak errezibitzeko baliatzen zen, Donibane Garazi bideko geldialdi garrantzitsua baitzen.
Zaharberritze-lanak finantzatzeko bozketa
Gaur egun, eraikinak zaharberritze-lan batzu behar ditu. Besteak beste, lapitzezko teilatuan, zurgintzan, berinategietan eta euri-uren bideraketan. Hortarako Akitaniako Ondarearen Sariaren bozkan parte hartzea deitzen du Donibane Garazikiko herriko etxeak. Bozkatzeko hemen klikatzen ahal duzue.
