Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Donibane Garaziko libertimendua prestatzen hasi dira

Donibane Garaziko libertimendua heldu den otsailaren 7an iraganen da. Prestaketak abiatuak dituzte, eta dantzari, musikari eta zirtzil berrien bila ari dira.

Donibane Garaziko libertimendua prestatzen hasi dira
Lorea Zihigoienetxe eta Maika Gezainburu, Garaziko "zirtzilak". IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/11/18 10:02

Baxe Nafarroako ihauterien garaian, libertimenduak plazara itzuliko dira beste behin. Amikuzen, Baigura inguruan, Baigorrin eta Garazin eginen dira, besteak beste. Dantza, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikusgarrian, zirtzilek gizartearen eta aktualitatearen kritika egiten dute, umorearen bidez.

Donibane Garazin, otsailaren 7rako finkatua dute hitzordua. Prestaketak abiatuak dituzte jadanik. Duela bi urte ez zen libertimendurik izan herrian; iaz, berriz, zortzi zirtzilen artean osatu zuten antzerki partea.

Aktualitatea plazara ekartzeko

Zirtzil taldean ari diren Lorea eta Maikarentzat, libertimendua ezinbesteko plazako ikusgarria da. Parte-hartzaileentzat ere esperientzia aberasgarria dela diote. Antzerkiaren prestatzeko, urte osoan inguruko gertakariei adi egoten dira. Berri ilunak, alaiak, bitxiak edo harrigarriak entzuten dituztelarik, telefonoan gordetzen dituzte oharrak. Ondotik, bildutako gaiak taldean sailkatzen dituzte, antzerkiaren lantzen hasteko.

Bakoitzak badu bere teknika eta aktualitateari begiratzeko manera. Horrela, urtean zehar bildutako gertakariek lekua hartzen dute libertimenduko antzerkian, umorearen eta kritikaren bidez.

Taldeak idekia segitzen du

Oraindik bada tokia Donibane Garaziko libertimenduan parte hartu nahi dutenentzat. Lorea eta Maikak dantzari, musikari eta zirtzil izateko deia luzatzen dute. Esperientziaz galdetuta, libertimendua «adiktiboa» dela diote. Emanaldian zehar eta ondotik senditzen dena plazer hutsa dela gehitu dute.

Interesgarri izanen zaizu