Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Donibane Garaziko Nafarroako lizeoak 360 ikasle baino gehiagorekin egin du sartzea

Nafarroako lizeoak 360 ikasle baino gehiagorekin egin du sartzea. Ikasle kopurua eta irakasle postuak egonkorrak dira, eta aprendizgoan deserten egiteko formakuntza bat berriz zabaldu dute.

Donibane Garaziko Nafarroako lizeoak 360 ikasle baino gehiagorekin egin du sartzea
Donibane Garaziko Nafarroako lizeoak 360 ikasle baino gehiagorekin abiatu du ikasturtea. IRULEGIKO IRRATIA
Antton Castoreo
2026/09/02 07:35

Donibane Garaziko Nafarroa lizeoak 360 ikasle baino gehiagorekin egin du sartzea, 225 lizeo orokorrean dira eta 170 baino gehiago lanbide sailean. Irakasle taldea ere egonkorra da: 48 irakasleetarik gehienak iazkoak dira.

Lizeo orokorrean, bigarreneko hiru klase, leheneko hiru eta terminaleko bi izanen dira. Lanbide sailean, ostalaritzako baxo profesionalak, patizeriako CAPa eta zurgintzako formakuntzak eskaintzen dira. Aurten, gainera, desertak egiteko berezitasuna berriz ideki dute aprendizgoan. Zortzi ikasle izanen dira sail horretan. Euskarazko sail elebidunak: bigarreneko 32 ikasle, leheneko 22 eta terminaleko 14 ikasle biltzen ditu.

Léopold Romeas lizeoko zuzendariak azaldu du ikasle kopurua egonkorra dela, nahiz eta demografiaren apaltzea eta ikastetxeen arteko lehia gero eta handiagoa izan. Administrazioan aldaketarik ez da, baina zuzendariorde berria izanen da Franck Fariscot, Baionako Louis de Foix lizeotik jina.

Telefonoa, lizeo barnean debekatua

Telefono mugikorren erabilera ere arautua da. Nafarroako lizeoan urte batzuk badaramatzate telefonoa ikastetxe barnean erabiltzea debekatzen, bai korridoreetan, bai ikasgeletan. Zuzendaritzak, hala ere, telefonoa erabiltzeko eremu bereziak sortzea aztertzen du, ikasleak lizeoaren lau hektareako eremuan atxikitzeko. «Gurasoekin eta ikasleekin elkarlanean egin behar den heziketa da», azaldu du zuzendariak. Lizeoak, bestalde, urtean zehar ate idekitzeak antolatuko ditu eta orientazioari buruzko informazioa eskainiko.

Interesgarri izanen zaizu