SPK Sindromo Post Kromatiko elkarteak hirugarren aldikotz antolatu du argazki festibala, buruil guzian Donibane Garazin. Erakusketa, tailerrak, lehiaketa, zinema, proiekzioak eta kontzertuak izanen dira, publiko zabalari idekiak.
Joan den asteburu hondarrean ideki dute festibala, aurkezpen orokor batekin. Irailaren 6an, lehen hitzordu nagusietarik bat izanen da: 14:00etarik 17:00ak arte, parte hartzaileek Donibane Garazin argazkiak hartu beharko dituzte, antolatzaileek emanen duten gaiari segi. Argazkirik hoberenak saristatuak izanen dira.
Argazkia, tailer eta lehiaketen bidez
Festibalak hainbat hitzordu proposatzen ditu hilabete guzian. Irailaren 12an, gaualdi berezia eginen dute Charlotenian, 18:00etarik gauerdi arte. Euskal Herriko Unibertsitate Herrikoiarekin (UPPBrekin) apero-arkeo izanen dira, eta ondotik kontzertua.
Irailaren 16an, 14:00etarik 17:00ak arte, argazki eta kolaketa tailerra izanen da Jai Alaiko Estella gelan, Claude Billès-ekin. Parte hartzea 10 eurokoa izanen da. Bestalde, irailaren 22an, Garazikusekin elkarlanean, zine-topaketa eginen dute, 20:00etan. Kazetari argazkilari batek Gazatik zuzenean hartutako irudiekin egin filma hedatuko dute, eta proiekzioaren ondotik solasaldia izanen da.
SPK elkartearen argazki festibala irailaren 26an bururatuko da. 16:00etarik 22:00ak arte, 2025eko argazkiak enkantean salduko ditu elkarteak. Gaualdi horretan foto-proiekzioa eta ostatua ere izanen dira, baita kontzertuak ere.