Amikuzen ere pasa dira Olentzero eta M. Domingi, ikastolako haurren kantuek lagundurik. St Elixabet zahar etxean baratu dira. Kattalin Etxeberri eta Laurence Prebendek haien eguberri ospatzeko moldeak kontatu dizkigute, denboran biziki aldatu baita.
Domintxainekoa bata, eta Gabadikoa bigarrena, etxetiarrak, biak juntatu dira Donapaleuko St Elixabet zahar etxean. Urte hondarreko ospakizunen karietara, Kattalin Etxeberrik eta Laurance Prebendek Amikuzeko ikastolako haurren bisita ukan dute.
Paradaz baliatu gara haien eguberri ospatzeko moldeez mintzatzeko. Gaztainak paderan su handian erretzen zituzten eta gauerdiko mezarat abian ziren, hori zen eguberri markatzeko manera. Urosak baziren ere, aitortu dute ez zirela oraingo haurrak bezain gastatuak, gehienez ere mandarinak eta txokolate puska bat ukainten zutela.
Ez ziren aberatsak, diotenez, etxetiarrak baizik, eta eguberri kari ez ziren etxekoak baizik elkarretaratzen. Haatik, guraso bilakatzean, berantago amama eta are berantago arra-amama, kanbioa ikusi dute: seme-alabei presentak egiten hasi zitzaizkien: zaku bat edo taulier bat, hala ere, "libertimendu guti".
Adinak aitzina egin arau, ordea, Kattalin Etxeberrik ezintasuna bildua du eta laguntzaileen beharra duenez, ezin da zahar etxetik atera. Hala, urte hondarreko data hauek ez zaizkio bizitzeko aisitak egiten. Laurence Prebendek, aldiz, haurrideen etxerat abiatzeko usaia du.