Arberoako hainbat elkartek antolatu dute abenduaren 19ko arrastiri berezia: tokiko ekoizleekilako merkatua, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Artetxea kantuz, karriketan ibilaldia, Arberoako joaldunen bisita eta Izan taldearen kontzertua.
Izturitzeko plaza eta karrikak eguberriko doinuek eta giroak hartuko dituzte abenduaren 19 arrastirian. Arberoako ikastola, Artetxea elkartea eta Arberoako hainbat elkartek bat egin dute eguberri elkarrekin ospatzeko.
18:00etatik abiatuko da tokian tokiko ekoizleen merkatu berezia; orotarik atzemanen du bertaratzen denak: barazkiak, ogia, behi gasna eta esnekiak, eztia, oilaskoa, garagarnoa, gurmandizak, xerrikia, kontserbak, sagar jusa, ardi gasna eta kontserbak, landare aromatikoak, eltzegintza, bitxiak, ahuntz ilez eginiko puskak, zurezko zizelanak, liburuak, EHZko eta Korrikako arropak... Erran ere, zare ederrak hitzemanak dituztela zozketan parte hartzen dutenendako.
Gainera, 18:30etan finkatua dute hitzordua plazan, Olentzero eta Mari Domingirekin ibilaldian parte hartu nahi duenari; ahantzi gabe baserritarrez beztiturik joatea, esku-argi bat eskuan.
20:00etan Arberoako joaldunen aldi izanen da, ondotik, Artetxea kantuz eta txaranga ere aditzen ahalko dira. Auhariaren arrangurarik ez du ukanen hara doanak: tokian berean ukanen baitu parada pintxoen eta taloen gozatzeko.
Egunaren bururatzeko, 21:00etatik aitzina Izan taldeak berpiztuko ditu boz goragailuak.