Bostgarren urtearendako, Amikuzeko Familien Eguna antolatzen du Amikuzeko burasotasun sareak. Aurten, maiatzaren 16an laguntza desberdinen ezagutzeko parada ukanen dute Amikuzeko familiek, aktibitate frangoren inguruan.
Bada 5 urte orain Amikuzeko Burasotasun Sareak Amikuzeko Familien Eguna antolatzen duela. Familiak elkar daitezen adin guziendako aktibitateak proposatzen dituzte burasotasun sarea osatzen duten lurraldeko zerbitzu eta elkarte desberdinek, besteak beste Amalia elkarteak, Herri Elkargoko animazio zerbitzuak, Gazte info zerbitzuak, departamenduak, Goxamak, eta Ospitaleko prebentzio zerbitzuak.
Familiekin ari diren aktore guztien deskubritzeko parada izanen da. Hain zuzen, ekitaldiaren antolatzaileen arabera, gure inguruan diren laguntza, zerbitzu eta sare guztiak ez baititugu beti ezagutzen, garrantzitsua da harremanen piztea holako ekitaldi bati esker.
Aurten, maiatzaren 16an iraganen da, Donapaleuko Touzaa Etxean. 16:30etatik goiti, lurraldeko familiak errezibituko dituzte momentu goxo baten iragaiteko. Kitorik den ekitaldi horrek familia guztiendako eskuragarri izaitea du helburua.
Tailer desberdinak proposatuak izanen dira adinaren arabera. Adibidez, motrizitate tailerra niniendako, pista jokoa nerabeendako, eta zurrezko jokoa haur ttipi zein handiendako. Horrez gain Mila koloreko Céline Mirailhekin margolaritza atelierra izanen da sarearen logoaren sortzeko asmotan. Kafea eta matahamien inguruan trukatzea posible izanen da.
Xehetasun guztiak 07 86 48 58 54 zenbakira.