EHZren 30. edizioan, festibalaren sortzaile eta lehen bultzatzaileek oroitzapenak partekatu dituzte, iraganari begiratuz baina geroari konfiantzaz so.
EHZren 30. urtemugako ospakizunean, festibalaren hastapenetan parte hartu zuten hainbat lagun bildu dira Arberatzen. Euskal Irratiek antolatutako emankizunean, EHZren lehen urteetako hainbat eragile bildu ziren, tartean Maie-Agnès Gorostiague, Naroa Gorostiaga, Txetx Etxeberri, Pantxika Maitia Jean-François Lefort, Ivonne eta Dominique Amestoy lehen urteetako esperientziak oroitzeko.
Nostalgia baino gehiago, bizirik dirauen proiektu baten harrotasuna nabarmendu dute, belaunaldien arteko transmisioa azpimarratuz. Sortzaileek poz handiz ikusten dute gaur egungo gazteek lekukoa hartu dutela, duela hiru hamarkadako engaiamendu eta ilusio berarekin.
Solasaldian gogora ekarri dute EHZren sortzea ez zela musika festibal bat antolatzeko gogo hutsetik jin. Helburua militante eta laguntzaile sare bat eraikitzea zen, kostaldearen eta barnealdearen arteko zubiak sendotuz. Horretan, Irulegiko Irratiaren parte-hartzea erabakigarria izan zela oroitarazi dute. Hasierako dudak gainditu ondoren, ehunka laguntzaileren inplikazioak proiektua sendotu zuen, eta gaur arteko eredua eraiki.
Hogeita hamar urte geroago, EHZk bere nortasunari atxikitzen diola erran dute gomitek. Festibala oraindik ere laguntzaileen lanari esker antolatzen da neurri handi batean, eta hori da bere indargunerik handienetakoa. Lehen edizioaren hondarrean sortzaileek sumatu zuten proiektuak etorkizuna izanen zuela; hiru hamarkada geroago, intuizio hura bete dela baieztatzen du EHZren 30. edizioak.