Euskal dantzak toki berezia hartuko du ekainaren 5ean eta 6an Izpuran eta Donibane Garazin ospatuko den EKAIN dantza festibalean. Ikusgarriak, desfileak, mutxikoak, kantua eta dantza bilduko dituen egitarau oparoa proposatuko da.
Festibalaren helburua euskal dantzaren aberastasuna eta gaurkotasuna erakustea da, tradizioa eta sorkuntza garaikidea uztartuz. Aldi berean, ikusleak parte-hartzaile bilakatzeko nahia ere badu egitasmoak, dantza ikustetik dantzatzeko parada emanez.
Burrunkaren sorkuntza berria, ostiraleko hitzordu nagusia
Festibala ekainaren 5ean ostiralez hasiko da Izpurako Faustin Bentaberri gelan. Burrunka taldeak «Lurraren zainak» ikusgarria aurkeztuko du 20:30etan. Taldearen 20. urteburuaren kari sortu lan berriak musika, dantza eta bertsoa uztartzen ditu. Kasu huntan, meatzarien bizimoldea eta lan baldintzak ditu ardatz. Oholtza gainean, 30 dantzari eta musikarik kondatuko dute nola milaka langilek beren osagarria eta bizia lanjerrean jarri zituzten lur azpiko aberastasunak ateratzeko lanean.
Ikusgarriak lanaren nekea, zapalkuntza eta askatasunaren bilaketa jorratzen ditu, meategiaren hestearekin batera langileek duten itxaropenaren irudia eskainiz. Garaztarrak taldeak ere parte hartuko du emanaldi horretan. Sartzeak 15 eurotan izanen dira helduentzat eta 8 eurotan haurrentzat. Aitzinetik eros daitezke, lekuan berean ere manera izanen da.
Larunbatean, egun osoa dantzaren inguruan
Ekainaren 6an, larunbatez, Donibane Garaziko merkatu estaliak hartuko du lekukoa. Egun osoko egitaraua urririk izanen da eta goizetik gauera arte animazio franko.
11:30etarik goiti desfilea: Garaztarrak, Burgaintzi, Arrola, Baigorriko Ziganteak, Uharte Garazi, Arnegi eta Hendaiako Akelarre taldeak ariko dira karriketan barna.
Eguerdian, Baxe Nafarroako dantzak, Zigantearen Dantza eta Lapurdiko errepertorioa izanen dira ikusgai.
13:00etan, Kontrabanda taldearekin batera, mutxikoak eta dantzaldia antolatuko dituzte. Festibalaren espirituari jarraikiz, publikoak ere dantzatzeko parada izanen du.
Emazteen lekua aztertzen duen «Itzaletik» sorkuntza
Arratsaldeko ekitaldi nagusietako bat «Itzaletik» ikusgarria izanen da, 16:00etan. Ezpeletako Ezpela dantza taldeak aurkeztuko du sorkuntza koreografiko hau, Garaztarrak taldearen parte-hartzearekin.
18 eta 30 urte arteko gazteek gidatutako proiektu kolektiboak emazteek euskal kulturan ukan duten eta gaur egun ere duten lekua jartzen du erdigunean. Bereziki, dantzen transmisioan eta kultura ondarearen zaintzan ukan duten ekarpena azpimarratzen du.
Dantza, kantua eta giroa gauera arte
Egunak aitzina egin ahala, emanaldi gehiago izanen dira. 17:00etan Burgaintzi taldearen saioa izanen da; 18:00etan, Gagatik taldearen kantaldia; eta 19:00etan, Bunuztar Xoriak taldearen emanaldia. Festibala bururatzeko, mutxikoek hartuko dute berriz ere plaza, parte-hartzaile eta ikusleak dantzara gomitatuz. Horrez gain, jateko edateko nahikoa izanen da egun osoan zehar Munhoa eta Garaziko ikastolen alde.