Emaitzak apaltzen doaz, beharrak emandatzen, eta AIMA elkarteak bere deia luzatzen du

Oserainerko AIMA elkarteak emaitza materialer deia luzatu die. 2002tik, elkarte horrek berriz baliatzeak sustengatzen ditu tokiko eta nazioarteko elkartasunaren alde. Aurten, eta lehen aldikotz, emaitzen apaltzeak 37 langileak arranguratzen ditu.

Emaitzak apaltzen doaz, beharrak emandatzen, eta AIMA elkarteak bere deia luzatzen du
AIMA elkarteak lau lokal baditu, horietarik bat Oserainen. AIME ELKARTEA
Xarlot Etxeberri
2026/04/08 18:41

Gure ganerretan errautsa biltzen ari diren mubleak arra baliatzen bagenitu? Hara zer den Oserainerko AIMA elkartearen proposamena. 2002tik, elkarte horrek berriz baliatzeak sustengatzen ditu tokiko eta nazioarteko elkartasunaren alde. Enpresa eta pribatuen mubleak eta materialak errekuperatzen dituzte, beharretan diren pertsoner eskaintzeko gisan, nola gure lurraldean, hala beste herrialde zonbaitetan. Baina aurten emaitza materialer deia luzatu die elkarteak, emaitzak nehoiz baino ttipiagoak baitira.

Amikuzen, eta zehazkiago Oserainen baldin badu ardatz bat AIMA elkarteak, Ipar Euskal Herriaren eta Biarnoaren artean garatzen du bere aktibitate humanitarioa. Berriz baliatze solidarioa bultzatzen du, bota ordez, gure etxean edo enpresan dugun guztiari bigarren bizi baten emaiteko. Izan ere, usu, hondakindegira eraman nahi duguna, gure etxeko xoko batean gorderik den guztiaren gisan, oraino baliagarria da. Eta hori da AIMAren filosofia: objektu bat arra baliatzen ahal badugu, bere bizia luzaraz dezagun! Pentsatzeko manera desberdin bat bultzatzeko asmotan ibiltzen dira, baita kontsumitzeko molde desberdina ere.


Beste kontinente batean, ondoko herrian… Beharrak denetan dira.

Pribatuan zein publikoan, enpresek zein norberekoek... edonork sarean parte hartzen ahal du. Oserainera ekartzen ahal badira altxor ttipiak, zuen etxera ere jiten ahal dira xeka. Laburbildurik, aterabide bat bada, denentzat. Funtsean, ez dea hori AIMAren oinarria? Aterabide baten proposatzea gure inguruan bizi direner, baita beste kontinente bateko herrialdean bizi direner ere? Hain zuzen ere, biltzen dituen objektuek, materialek edota oihalek, bi norabide hartzen ahal dute.

Alde batetik, material medikala-ohe edo mahai medikalizatuak adibidez- nazioarteko zirkuituan sartzen da. Ekialdeko eta Afrikako herrialdeetara batez ere igortzen dituzte, zeinetan sozial eta osasun sistema gurea baino hauskorragoa eta ahulagoa den. Hori dela eta, ospitaleetan edo zahar etxeetan biltzen dituzte tresna “zaharrak”, Europako herrialde aberatsetan baliatzeko haien estatua txarregi izanen litzatekeelarik, baliabide guttiago dituzten hainbat herrialdetan altxor bat bilakatzen baita.

Baina tokiko zirkuituan ere sartzen ahal dira. Gure lurraldean berean, publiko prekarioari mubleak, oihalak edo materiala prezio merkean saltzen dazkote. Ordainketa zatitzeko aukera ere proposatzen dute, diru guttiago dituztenek haien etxeak merezi bezala mublatu ahal izaiteko, mailegurik egin gabe.


Gorrian den sare bat, beharrak irauten duen bitartean

Auto finantzamendu sisteman oinarritzen da AIMA, haien lokalen jabeak izanez eta haien 37 langileak pagatuz. Horrentzat, biltzen dituen emaitzen parte bat berriz salatzen dituzte. Horri esker pagatzen dituzte haien langileak, baita haien proiektu berriak eramaiten ere. Hurrengoa, Maulen edo Hazparnen denda ttipien idekitzea, mugitzen ahal ez den publikoarentzat.

Alabaina, azken hilabeteetan eta lehen aldikotz sei urtez, emaitzak apaltzen dira. Nazioarteko klima kezkagarria, krisia, petrolioaren prezioen emendaketa.. Hainbat faktorek parte hartzen ahal dute apaltze horretan. Dena den, joera hori kezkagarria agertzen zako elkarteari, eskaerak, haien aldetik, ez baitira ttipitzen. Jendea beharrean da, eta AIMAren proposamenak apaltzen badira, jadanik zailtasunetan direnek pairatuko. 

Interesgarri izanen zaizu