Donapaleun jokatu da 40. Hourcade txapelketaren finala. Eneko Sarratia, Killian Coumet eta Iban Riouspeyrous nagusitu dira, 40-24, Beñat Franchisteguy, Mati Borteyru eta Fabien Vilainen kontra.
Finalean, desoreka hasieratik agertu da. Sarratia, Coumet eta Riouspeyrous-en hirukotea aitzinetik joan da partida guzian, nahiz eta bukaeran urdinek aldea ttipitu duten. Alabaina, beranduegi zen emaitza irauli ahal izateko.
Finala joan den asteazkenean iragaitekoa zen, baina partida denboran hasi zen ekaitzaren ondorioz gibelatu behar izan zuten. Gibelatuta ere, jendea hitzordura agertu da, eta plazako jarlekuak bete dira.
Duela hogei urteko moldean
Hourcade txapelketak uda guzian hartu du Donapaleuko errabotea, asteazkenero partida batekin. Orotara, bederatzi partida jokatu dira aurtengo edizioan, duela hogei urteko moldeari segida emanez.
Azken urteetan, antolatzaileek formula aldatzea erabaki dute: jokalariak nahasiz, beren herriko taldekideekin ez jokaraziz.
Gazteak helduen heinera
Antolatzaileak kontent agertu dira beste urte bat iragan delako. Geroari begira, ordea, badira zonbait arrangura, bereziki Amikuzeko gazteak helduen heinera heltzeko diren heinean. Hala ere, gauza bat segur da: Hourcade txapelketa heldu den urtean ere izanen dela Donapaleun.