Baigorriko kantari eta artzainak bere 11. diskoa plazaratu du. “Atzar gaitezen” izeneko lanean, iragana ez ahanzteko eta geroa zaintzeko deia egiten du, hamar kanturen bidez.
83 urterekin, Erramun Martikorenak artzain lana eta kantua uztartzen segitzen du. Baigorriko Otsobi etxean 30 bat ardi hazten ditu egun, eta azken 50 urteetan Euskal Herriko bazterretan eman ditu kantaldiak. Irailaren 13an, igandez, 16:00etan, “Atzar gaitezen” diskoa zuzenean aurkeztuko du Baigorriko Biletxean.
1978an plazaratu zuen lehen diskoa. Geroztik, Euskal Herria, historia, kultura, elkarbizitza, mendia, artzain mundua, elkartasuna, ametsak eta familia izan ditu kantagai, euskal poeten hitzak eta bertsolarien koplak zabalduz.
Erramun Martikorena "Atzar gaitezen" bere 11. diskoa eskuetan. IRULEGIKO IRRATIA
Gai seriosak eta kantu arinagoak
11. disko huntan hamar kantu bildu ditu Martikorenak. Testu azkarrak hautatu ditu hainbat gai aipatzeko: klima aldaketaren eragina, bonbardaketen memoria, justizia eskasa, uholdeen historia, familia edo askatasuna.
Kantu guziak ez dira, alabaina, gai serioei lotuak. “Gatua Pitxitxi”, Baigorriko Belexinen agertu zen lehen automobilari buruzko kantua edo maitasun istorioak ere aurkitzen dira diskoan. Martikorenak berak hiru melodia sortu ditu. Mixel Ducauk egin ditu moldaketak, eta Matthieu Harambourekin grabatu dute diskoa. Ohiko musikariak izan ditu lagun: Mixel Ducau, Angel Unzu, Iñaki Dieguez, Xabi Etxeberri eta Jokin Irungarai. Pauline Junquet-ek ere parte hartu du bi kantutan, kantuz.
Disko berria zuzenean Baigorrin
“Atzar gaitezen” diskoaren aurkezpena irailaren 13an eginen du Erramunek, Baigorriko Biletxean. Hitzordua 16:00etan emana da.