Herriko etxeko Parekotasun batzordeak antolatu du hitzaldia, agorrilaren 4an. Eraso sexualak definitzen jakiteko gakoak eta onespenari buruzko informazioa eman dira. Herriko etxeak bestentzat erasoen kontrako protokolo bat sortzea du helburu.
Erran eta biziren hitzaldia
Donibane Garaziko parekotasun batzordea aitzineko mandatuan sortu zen, baina aurten publikoari idekitzeko indarra egin du. Bere lana emazteen lekua landu eta bortizkerien kontrako prebentzioa egitea da, Maitena Diribarne taldeko kidearen arabera.
Erran eta bizi elkarteko Marie Jose Varnier-k eman du hitzaldia. Herriko etxeko zonbat kide hurbildu dira, herritar batzuk, eta baita gaztetxeko kideak ere. Erantzun anitzeko galdetegi batekin hasi da konferentzia, eta dragatzea, ekintza pizuak, eraso sexualak eta jazarpen sexuala desberdintzen ikasi dute parte hartzaileek. Marie Jose Varnieren ustez, egoerak zehazten eta definitzen jakin behar da salaketa bat ezartzeko. Onespenari buruzko bideo batekin segitu du hitzaldiak, eta besten lanjerrak ere aipatu dira: droga, alkohola, GHBa…
Sentsibilizazio beharra
Hitzaldia lehen urratsa baizik ez zela erran du Maitena Diribarnek. Bestentzat, herriko etxea prebentzio lan bat egiten entseatuko da, besteak beste ostatuetan afitxak ezarriz, ostalariak sentsibilizatuz, herritar guzien kontzientzia hartzea bultzatuz… Ondotik erasoen kontrako protokolo bat martxan ezartzea da helburua. Ezin erran bestetarako prest izanen den, baina sentsibilizazioa jotzen dute lehentasuntzat.
Garaziko gaztetxeak duela hiru urte protokolo bat badu, eta aurten berriz erabiliko du besta denboran.