Inkizizio garaiko zine-topaketa berezia eginen da ostiral honetan, azaroaren 28an, Larzabale Ezpeletenian. Asisko Urmenetaren Sorgina Banaiz dokumentalaren hedapenaren ondotik, hainbat sorpresa iragarriak dira, eta horien artean “Erredurak” kantua.
Elorri Lambert, sortzailearen ibilbidea
Kantuaren hitzen egilea Elorri Lambert da, Irulegiko musikari eta sortzailea. Duela hamar bat urte murgildu zen musikaren eta kantugintzaren munduan, Seitan taldean hasita eta gero Dr Mephisto proiektuan segituz. Azken bi urteetan, bakarkako lehen diskoa plazaratu du.
“Erredurak” kantuaren sorkuntza Txomin Catalogne Oztibartarraren gomita batetik abiatu zen. 2022an Txominek plazaratu zuen bere lana, “El dominiko eta ehun puten orkestra”, eta disko hartan hainbat artistari galdegin zeien bere konposizioeri hitzen jartzea eta kantatzea.
20 konposizioen artean, Elorri Lambertek berehala hautatu zuen berea, eta hastapenetik argi izan zuen emazteenganako indarkeriari eta bortizkeriari lotu gai bat landu nahi zuela. Bere hitzetan: “Kantua oihu bat da. Oihu hori da ezerrentzat hil diren jendeen oihuak entzunarazteko. Jasan zuten tortura eta sufrimena erakutsi nahi nuen; zinez afruskeria izan baitzen...”
Hortako ere sortzaileak ez du “sorgina” hitza erabili kantu osoan: “Inkizizio garaian torturatu eta erailak izan ziren pertsonak ez ziren sorginak. Hori sinetsarazi daukutena baizik ez da. Gu bezalako jendeak ziren.”
Zortzi emazte taula gainean
Ostiral honetan, “Erredurak” kantua zortzi emazteek osatutako talde batek emanen du.
Lehen partean Asisko Urmenetaren Sorgina Banaiz dokumentala arratseko 21:00etan proiektatuko da Ezpeletenia ostatuan, eta ondotik beraz solasa eta kantu.
Usaian bezala pizza jateko posibilitatea izanen du 19:00etatik aitzina, Ezpeletenia ostatuan.