Kenka txarrean zen azken urteetan Esnazuko kaperaren erretaula, batez ere termitek zura jana baitzuten eta erortzekotan baitzen. Iaz hasirik, berritze obrek bizi berri bat eman dakote. Azaroaren 9 huntan estreinatu dute.
Freskatze ederra eskeini dakote Esnazuko kaperaren erretaulari. Aspaldian muntatua, zaharkitua zen eliza barneko apaindura. Erretaula hori klasatua denez, berritzeko prozesua berezia izan da, ofiziale berezi batzuekilan. Azaroaren 9 huntan ofizialki estreinatu dute herritarren aitzinean.
Erretaula zaharra, kanpotik ekarria
XVII. mende hundarrekoa da Esnazuko erretaula, baina jakin behar da lehen denbora batean ez dela Esnazun berean egon, baizik eta Larresoron, Lapurdin. Garai hortako elizen ezaugarriak ditu erretaulak: Erreforma Katolikoa garaiko barroko estilokoa da.
XIX. mende hundarrean da Esnazuko historian sartuko erretaula, 1888an Jean Etcharren Esnazuarrak Larresoroko apezari erosten baitako. 20 urte lehenago, Jean Etcharren horren aitak lur bat eskaini zakon herriari, Esnazun kapera baten eraikitzeko. Eraikin horren apaintzeko, bere semeak beste eskaintza bat egin zuen beraz. Kaperan instalatu baino lehen, erretaula berritu zuten Iruñean. Horren ondotik, erretaula gaur egun den tokian finkatu zuten, sahetsetan bi aldare berri gehituz.
Kasik mende bat berantago, 1975an, Aldudeko herriarena bilakatu zen kapera hori ofizialki klasatua izan zen.
Andeaturik eta lanjerrean zen erretaula
2023ko udan, hautetsiek estatuko zerbitzuak jinarazi zituzten, ohar ditezen denborarekin azkarki andeatu zela erretaula. Erran behar da 1888ko berritzearen ondotik, beste lanik ez zela sekulan antolatu obraren freskatzeko eta zaintzeko.
Termitek azkarki jana zuten erretaularen gibela, eta zura kenka txarrean zen. Estatuak ez ziren gehiago arrunt xutik egoten, eta estruktura osoa aitzinera erortzekotan zen. Lehen lana izan zen zutabe batzuen ezartzea, erretaula osoa eror ez dadin.
Erretaularen zurak andeatuak ziren berritzea aitzin. JEAN-CLAUDE AYÇAGUER
Erretaularen gainekaldeak den aingeru baten estatua. Horiek ere andeatuak ziren. MANO CURUTCHARRY
Arraberritzeko prozesua
Estatuko zerbitzuek erretaularen egoera ikusi ondotik, prozesua fite aitzinatu zen. DRAC (ondareaz arduratzen den eskualdeko egitura publikoa) zerbitzuen laguntzarekin, berritzeko lanak planifikatu zituzten 2023 urte hundarrean eta 2024 urte hastapenean.
Hor ziren lanean hasi arraberritze hunen protagonista nagusiak: Jean-Claude Ayçaguer maiasturua zur lanetan, Maitena Estienne urrezko apainduretan eta Marie-Luce Garat tindu lanetan. Horien lanaren errexteko, erretaula osoa desmuntatu zuten hastapenetik, pieza guziak Donapaleura ekartzeko Jean-Claude Ayçaguer-en tailerrera.
Desafio ainitz behar izan zituzten gainditu ofizialeek, arraberritze koherente baten egiteko. Lehen desafioa zuten, diren elementuen baliatzea eta errespetatzea. Jean-Claude Ayçaguer maiasturuak esplikatu dauku berritze lanetan, beti lehenetsi behar zirela jatorrizko piezak eta materialak. Ahal bezain pieza guttien aldatu behar dira, hastapeneko obratik hurbil egoiteko gixan. Horrek erran nahi du zurak batzutan partez baizik ez direla berritzen.
Zurak ez dira beti osoki aldatzen. JEAN-CLAUDE AYÇAGUER
Baina ofizialek, DRAC zerbitzukoek eta herriko etxekoek gainditu behar izan zuten desafio haundiena, hautuena izan zen. Frankotan, arraberritze lanek hautu batzuen egitera behartzen dute. Estatua batek beso bat falta baldin badu, behar dea gehitu? Halakotan, nolako itxura ematen zako besoari? Urrezko estaldura edo tinduaren azpian beste estaldura bat badelarik, zoin hautatu behar da? Galdera bakotxarendako, eragile desberdinak biltzen ziren erabakien hartzeko.
Hor da ere DRAC zerbitzuen lana lagungarri izan, dokumentazio eta ikerketa lan bat egin baitute. Erretaula Larresorokoa izanez, ofizialeekin auzo herrietako itzulia egin zuten. Eta hor ziren ohartu, Esnazuko erretaulak eta Kanbokoak, Haltsukoak, Itsasukoak edo Jatsukoak eite zutela. Elementu batzuen berritzeko, inspirazio iturri izan ziren beraz Lapurdiko beste eliza horiek.
Azkenean, Esnazura itzuli da erretaula
Lan guzi horien ondotik, Esnazuko kaperaren berriz muntatu zuten osoki erretaula. Eta azken finizioak egin eta, berriz bere tokian da, osoki berriturik. Ez da arras XVII. mendeko erretaula, ezta XIX. mendekoa ere, baina ofizialeek, hautetsiek eta estatuko zerbitzuek nahi izan dute obra koherente eta fidela bat aurkeztu herritarrer.
Jakin orotara proiektu horrek 82 540€ kostatu dituela. Kultura ministeritzak %40 finantzatu du, departamenduak %35 eta herriak gaineratekoa.
Esnazuko kapera gaur egun, berritua izan den erretaularekin. IRULEGIKO IRRATIA
Berritua izan den erretaula osoa. IRULEGIKO IRRATIA
Erretaularen parte nagusia, zentroan den tabernakulua. IRULEGIKO IRRATIA