Esperanto hiztunak Donapaleun elkartuko dira maiatzaren 1etik 3ra. 1887an Polonian sortu zen Esperantoa, nazioarteko hizkuntza neutroa bilakatzeko asmoarekin. Gaur egun, 3 eta 10 milioi eledun artean badira 120 herritan munduan zehar.
Esperanto hiztunak Donapaleun elkartuko dira asteburu honetan maiatzaren 1etik 3rat. Banbu Bihotza zentroan nazioarteko hizkuntza neutroa partekatzen duten hainbat pertsonak hitzaldiak, bisitak, eta momentu onak partekatuko dituzte, hiru egunez, hizkuntza bizirik dela erakusteko.
1887an Polonian sortu zen esperantoa, nazioarteko hizkuntza artifizialaren bilakatzeko asmoarekin. Garai hartan, behar praktiko bati erantzun nahi zakon proiektuak. Munduak ez zuen tresna neutralik hizkuntzari dagokionez. Kolonialismoaren garai hartan, estatu desberdinen hizkuntzen arteko lehiak jotzen zuen azkar, poderearen hartzeko asmoz. Izan ere, gogoetatzaile zonbaiten arabera, nazioarteko harremanak hizkuntza neutral baten bidez garatu behar ziren, lehia horretarik at.
Esperantoa, errexki ikasia izaiteko eraikia izan zen. Logika errex batean oinarritua da bere gramatika, eta hiztegia europar hizkuntzenean. Horri esker, garapen indartsua ezagutu zuen lehen hamarkadetan, gerlak gorakada oztopatu aitzin. Baina geroztik garapen horrek segitzen du. Hain zuzen ere, gaur egun, 120 herrialdetan zehar atxemaiten ahal dira hiztunak, eta 3 eta 10 milioi artean lirateke orotarat.
Urtero hainbat kongresu, jardunaldi, eta topaketa antolatzen dituzte hizkuntza horren baliatzeko. Adibide gisa, asteburu honetan Donapaleun topaketa eginen den bitartean, beste hogei tokitan ere hitzordua emana zakote lurraldeko hiztuner, Afrikan, Amerikan, edota Ozeanian ere. Eta 2.000 lagun arte biltzen ahal dituzten kultur jaialdi horiek haien eraginkortasuna erakusten dute. Alor guzietan garatzen ari da esperantoa, batez ere kulturari dagokionez. Bost kontinenteetan liburuak, musika edota filmak ekoizten dira esperantoz.
Euskal Herrian ere, Esperantoa badakitenak ibiltzen dira. Azken hamarkada horietan gutxiago badira ere, eta batez ere Hegoaldean, komunitatea aktiboa da. Hain zuzen, historikoki Bilbo betidanik toki garrantzitsua izan zen Europa mailan, aterpetzen zituen mugimendu anarkista eta sozialisten bidez. Ehunka eledun ziren Bilbo inguruan -horietarik batzuk politikari ere-, Gipuzkoan, Iruñean eta beste hein batean Miarritzen. Zer erranik ez, Espainiako gerla zibilean, Ezkabako ihesaldi famatua esperantoz antolatu zuten. Iruñeko gotorleku batetik 800 lagunek ihes egin zuten. Usu sozialistak, komunistak, edo errepublikanoak zirenez presoak, eta haiek esperantoa ikasten zutenez, naturalki hizkuntza hori izan zen tresna ihesaldia lortzeko.
Gaur egun, errealitatea desberdina da. Bilbon talde aktiboa egoiten bada, figura garrantzitsuenetako bat Gipuzkoan atxemaiten dugu, Aitor Arana idazlea. Gipuzkoarrak euskara eta esperantoaren arteko itzulpenak burutzen ditu. azken urte hauetan Donapaleu gune indartsu bilakatu da, Banbu Bihotza zentroaren bidez.
Preseski asteburu honetan, ostiraletik igande arte, topaketa bat antolatua da Euskal Herri eta Frantziako hegoaldeko eledunendako, Donapaleuko Banbu bihotza zentro horretan. Bordeletik, Ariegatik, eta Hego Euskal Herri osotik hurbilduko dira hiztunak, hiru egunez esperantoz bizitzeko. Alde batetik, Salbaterran, Donibane Garazin, eta Amikuzen ibiliko dira. Eta beste aldetik, mintzaldiak ere proposatuko dituzte, Arnauld Oihenart idazlea edo landareer buruz. Dener idekia zakote ekitaldia.