Larzabale-Arroze-Zibitze (Baxe Nafarroa)

Etxamendi kantatuz, omenez eta kantuz

Etxamendiren lagunek luzatu duten gomitari ihardetsirik, kantuz eta bazkari baten inguruan bildu dira haren obra maite dutenak, bi botzetan kantu sorta eder bat emateko.

Etxamendi kantatuz, omenez eta kantuz
Etxamendi kantatuz Larzabale Ezpeletenian. IRULEGIKO IRRATIA
Mattin Lerissa
2026/06/15 13:00

Ez da gehiago aurkezpen handirik behar Eñaut Etxamendi izendatzeko. 1935ean Ezterentzubin sortua, erakasle, baratzezain eta gizon engaiatua izan da gazterik. 1960 urteen inguruan, peritzen eta ura eskutik lerratzen den bezala desagertzen zoan Euskal Herri baten aitzinean, besoak dilindan egoteko partez, barneko sua eta gogoaren oldarra plazaratzen eraman du bizi guzia.

Olerkien, eleberrien eta hitzaldi gogoangarrien bidez hainbat belaunaldi markatu ditu. Baina bereziki ere kantagintzan utzi du arrastoa. Eñaut Larralde bere bidelagunarekin, Euskal Herriko plaza gehientsuenak kurritu dituzte. Haien kantuek melankolia eta oldarra uztartu dituzte, dolua eta bizi-nahia, herri baten zauriak eta itxaropenak.
Etxamendiren obra ulertzeko, ezinbestekoa da galdera batzuei erreparatzea: nola sortu zituen bere kantuak? Zoin testuingurutan? Zoin izan ziren bere erreferentziak? Eta nola josi zituen hitza eta doinua herriaren sentimendua adierazteko? Galdera horiek orainokoan ere gaurkotasun osoa dute, bere kantuek bizirik segitzen baitute herritarren ahotan.

Horren erakusgarri izan zen joan den ekainaren 13an Larzabalen egin zen kantu bazkaria. Etxamendi eta Larralde bikotearen omenez antolatutako hitzorduan, jende franko bildu zen Ezpeletenia ostatuan, Etxamendiren kantuak elkarrekin kantatzeko eta haren ibilbidea oroitzeko.

Herri ondare bilakatu diren kantuak

Etxamendik 60 bat kantu sortu ditu bere ibilbidean zehar. Horietako ainitz herri ondarearen parte bilakatu dira, belaunaldi osoek kantatu eta beren egin dituztenak. Kantu horiek ez dira soilik doinu ederrak; garai baten lekukotasuna dira, herri baten arrangurak, ametsak eta borrokak biltzen dituzten altxorrak.

Larzabaleko kantu emanaldiak agerian utzi zuen Eñaut Etxamendiren lana ez dela iraganeko oroitzapen hutsa. Bere hitzek eta doinuek gaur ere hunkitzen dute, eta belaunaldi berriek ere aurkitzen dute haietan zer entzun eta zer ikasi. Horregatik, Etxamendi kantatzea ez da bakarrik artista bati omenaldia egitea: memoria kolektiboa bizirik atxikitzea ere bada. Herri baten hatsa, kantuz, belaunaldiz belaunaldi transmititzen segitzen duenaren seinale.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu