Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Etxebizitza Garazi-Baigorri lurralde eremuko hautetsien gogoetaren erdigunean izan da azken bilkuran

Duela bost urte abiatu tokiko etxebizitza programa (PLH) bururatzer da, eta heldu den urtean indarrean sartuko den programa berriaren norabideak finkatzen hasi dira hautetsiak.

Etxebizitza Garazi-Baigorri lurralde eremuko hautetsien gogoetaren erdigunean izan da azken bilkuran
Antton Kurutxarri Baigorriko auzapeza. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/11/10 17:04

Hortarako, lehenik azken bost urteetako programaren bilana egin dute. Lehen konstatazioa baikorra da: programan aurreikusi eraikuntza guziak gauzatu dira azken bost urte hauetan.  Baina bilana egiteko ikerketan, lurraldeko etxebizitza beharretan aldaketak  agertu dira.

Garazi-Baigorriko populazioa beste lurralde batzuetan baino fiteago zahartzen ari da. Aldi berean, bakarrik bizi diren pertsonen kopurua emendatzen ari da, baita bikoteen berexketaren ondorioz buraso bakarreko familiak ere. Egoera horrek etxebizitza ttipiagoen beharra handitzen du, bereziki T1, T2 eta T3 motako apartamentuen beharra. Gaur egun, eskaintza ez da aski lurraldeko beharreri erantzuteko.

Etxebizitza hutsak ere badira Garazi-Baigorrin, baina horiek baliatzeko manera aztertu beharko dute hautetsiek. Bereziki, etxalde handiak apartamentu ttipiagoetan nola zatitu daitezkeen gogoetatu beharko dute. Bestalde, bizitegi « merkeen » edo bizitegi sozialen eskasa ere azpimarratu dute, baita sasoilariendako etxebizitza falta ere.

Behar horiek guziak konduan hartu beharko dira heldu den urtean abiatuko den tokiko etxebizitza programa berrian.

PLUI hirigintza planaren auzia ere mahai gainean

Etxebizitzaz gain, PLUI hirigintza plana ere aipagai izan dute bilkuran. Lan luzearen ondotik, Garazi, Baigorri, Iholdi eta Oztibarreko 44 herriek adostua zuten lurraldeko hirigintza plana. Baina prefetak ez zuen onartu, eta auzitan ezarri zuen.

Orain, lurraldeko hautetsiak herriz herri ari dira aztertzen zoin eremu eraikigarri kendu beharko liratekeen plana berriz adostu ahal izateko. Prefeturarekin ere mediazio prozesu bat abiatuko dute, desadostasunak gainditu eta hirigintza planari aterabide baten atxemaiteko.

Interesgarri izanen zaizu