Pagola (Baxe Nafarroa)

Europa osoko ihauterietako errituak Euskal Herrian ere agertzen dira

Europako ihauteriak eta errituer buruzko mintaldia emanen du Dominique Pauvert-ek Pagolako Auzteia ostatuan otsailaren 13an, 20:30etan. Aurre Historian atxemaiten dute jatorria Europa osoko ihauteriek. Hastapenetik hainbat pundu amankomun badituzte.

Europa osoko ihauterietako errituak Euskal Herrian ere agertzen dira
Frantziako Dordogne eskualdean, Plazaceko ihauteriak Euskal Herriko ihauterien kode frango partekatzen ditu. DOMINIQUE PAUVERT
Xarlot Etxeberri
2026/02/12 14:36

Europako ihauterier eta errituer buruzko mintzaldia animatuko du Dominique Pauverrek Pagolako Auzteia ostatuan otsailaren 13an, ostiralez, 20:30etan. Bere filma, “Famille Carnaval, l’autre monde est possible” aurkeztuko du, oinarritzat hartzeko hain zabala den gaiaren sakontzeko.

Dominique Pauvert etno mitologoa da, eta aditua ihauterietan. Hots, ihauteriak ikertzen ditu, baita ihauterien mitologia eta zentzu mitikoa aztertzen ditu ere. Izan ere, Europan zehar bidaiatu du eta herrialde desberdinetako errituak lantzen ditu, haien jatorria eta pundu amankomunak.


Europako besta zaharrenetariko bat

Ihauterier Aurre Historian atxemaiten diete iturburua ikerleek, beste molde batean, ondorioz, gure besta zaharrenetariko bat litzateke. Bere jatorrian, pertsonai zonbait Europako xoko guzietan atxemaiten ziren. Hartza, adibidez. Euskal Herriko zein Siberiako errituetan ihauterien parte zen, jadanik, duela milaka urte.

Garai hartan, mundializaziorik gabe, beste herrialde batera joaiteko posibilitaterik gabe, eta sare sozial guzietan bi minutuz hedatzen diren argazkietatik urrun... Europako xoko guzietan ber objektuak, ber koztumak, eta ber ohiturak baliatzen ziren ihauterietan. Adibide gisa, zaldi ilez egina den Joaldunen makila Italiako Alpesetan berriz aurkitzen da, berdin-berdina.


Euskal Herriko ihauteriak, bereziak, baina ez arras desberdin...

Euskal Herriko ihauterietako pertsonaiak ere, beste hainbat tokitan agertzen dira. Joaldunen figura adibide gisa, Europako leku desberdinetan atxemaiten ditugu. Ondorio gisa, hizkuntzak eta musikak dira ihauteri desberdinen arteko berezitasun nagusiak lekuz leku.

Dominique Pauvert-en ikuspundutik, Euskal Herriko ihauteriek haien jatorrizko ohiturak, zentzua eta indarra partikularzki atxiki dituzte, beste lekuer konparatuz. Horrez gain, Euskal Herriko xoko guzietako errituak berdintsuak dira. Itxuraz, maskaradek Hegoaldeko ihauteriak baino kodifikatuago iduri badute ere, azkenean ber estruktura eta bere pertsonaiak dira.

20:30etan hasiko da Dominique Pauvert-en mintzaldia, bere filmaren proiekzioaren ondotik. Frantsesez izanen da baina Euskarazko itzulpena eskainiko dute.

Interesgarri izanen zaizu