Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Euskal Argentina elkarteak zailtasunak topatzen ditu emazteen aurkitzeko erregistroetan

Euskal Argentina elkarteko 60 kideak bildu dira apirilaren 4an urteko biltzar nagusiaren kari, besteak beste Argentinan antolatu nahi duten bidaiaz solastatzeko. Parada izan da haien lanaren aipatzeko eta batez ere emazteen erregistratze eskasa.

Euskal Argentina elkarteak zailtasunak topatzen ditu emazteen aurkitzeko erregistroetan
Euskal Argentina elkartearen 2025eko biltzar nagusia Lekunberrin iragan da. EUSKAL ARGENTINA
Xarlot Etxeberri
2025/04/10 12:15

Euskal Argentina elkarteak bere biltzar nagusia eraman du joan den astean Lekunberrin, 60 bat kideren aitzinean. Argentinan, Uruguain eta Txilen arbasoak edo erroak dituztenak laguntzen ditu elkarte horrek hemengo senideak hangoekin harremanetan ezartzen ditu. Kontsulatuarekin lan egiten dute harat joandako euskaldunei buruzko informazioen berreskuratzeko, genealogia zuhaitzen sortzeko. Ikerketak usu eraginkorrak baldin badira ere, zailtasunak topatzen dituzte elkarteko kideek, batez ere emazteen atxemaiteko. Izan ere, emazteek haien izena galtzen baitute ezkontzarengatik eta gutxi agertzen baitira erregistroetan. Adibide gisa, kontsulatuko emaitzetan, 27 000 izenetatik 100 baizik ez dira emazteen izenak.

 

2024an, hamar bat harreman berriak sortu ukaiteaz gain, proiektu andana bat burutu dituzte. Alde batetik, mintzaldiak proposatu dituzte nola Euskal Herriko unibertsitatean, hala Miarritzeko zine festibalean edo zahar etxean, immigrazioaz solastatzeko. Beste aldetik, “Quatuor carré” deitutako Argentinako laukotea errezibitu dute. Azkenik, Hego Euskal Herriko elkarte baten ezagutza egin dute, Australiako euskal diasporarekin harremanetan dena. Erakusketa eta mintzaldi bat animatu dituzte, gerla zibil garaian Australiara joan ziren Nafartar eta Bizkaitarrei buruz.

 

2025 urteko proiektuak ere aipagai izan dira. Besteak beste, hurrengo hilabeteendako aurtengo bidaia plantatzen hasi dira. Argentinarat joateko asmotan dira elkarteko kideak, larrazkenean Tandilen iraganen den Euskal astearen kari. Preseski bidaiari buruzko argibideak edo zuen senideak bilatzeko asmoa baldin baduzue, Euskal Argentina elkarteak bere permanentziak hilabeteko lehen ostiral atsaldeetan atxikitzen ditu, Donapaleuko Touzaa etxean.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu