Euskal Argentina elkarteko 38 kide Argentinara airatu dira urriaren 27 honetan, euskal emigrazioaren urratsei segitzeko xedez. Hiru astez ibiliko dira, hango euskal diasporako kideekin elkartuz, bazterrak bisitatuz eta “Semana Vasca”-n parte hartuz.
Euskal Argentina elkartea duela 30 urte sortu zuten hiru lagunek: Pierra Laco (Jutsi), Albert Chabagno (Aldude) eta Noel Elorga (Senpere). Hiru sortzaileek ere bazuten Argentinara emigratu zuen familia, eta harreman hura berpiztu nahi izan zuten. Elkartu, egituratu eta elkartea sortu zuten.
Geroztik, elkarteak lan handia egin du: Argentinara joan ziren erreferentzia lana burutu du, artxiboetako dokumentuak aztertuz. Gaur egun ere laguntza eskaintzen die hango arbasoen arrastoen bila dabiltzanei —bai Argentinan bizi direnei, bai Euskal Herrian dituztenei—.
Emigrazioa handia izan zen XIX. mendetik aitzina
Garai hartan joateko arrazoi franko baziren. Adibidez, 1830ean lege bat onartu zen soldadutza zazpi urtera luzatuz, eta horren ondorioz gazte anitzek ihes egin zuten. Beste arrazoi nagusia, noski, pobreziarena izan zen. Gainera, XIX. mendean lursagarretan eta mahastietan zabaldu zen phylloxera eritasunak emigrazioa bultzatu zuen. Etxaldeetan familia handiak ziren, lur gutxi, eta denei bizibidea ateratzea zaila zen.
Ondorioz jende ainitz joan zen Argentinara lan eta aukera bila. Zenbaki bat emateko, XIX. mendean bakarrik, 100.000 gazte inguruk emigratu zuten hara.
Gaur egun ere Argentinan euskal odola duten familia anitz dira
Emigrazio hura egin zuten guziek ez ziren Euskal Herrira itzuli; anitz han finkatu eta familiak sortu zituzten. Orain, haien ondorengoak ezagutzeko parada izanen dute Euskal Argentinako 38 kideek.
Hiru astez, Argentinako euskal diasporarekin egonen dira eta hango bazterrak ezagutuko dituzte. Haien programan, besteak beste, Tandil herrian ostegun honetatik igandera eginen den “Semana Vasca”: lau eguneko besta handia, non, besteak beste, Zetak taldea arituko den.