Azkarate (Baxe Nafarroa)

Euskal herriko edarien etxe baten proiektua bultzatzen du Azkarateko herriko etxeak

Azkarateko herriak itxura berri bat hartu du. Jaz jauregian egin ziren obra handiak eta leku hortan bost bizitegi ideki ziren, eta herriko etxeko bulegoak ezarri.

Euskal herriko edarien etxe baten proiektua bultzatzen du Azkarateko herriko etxeak
Philippe Etchenique Azkarateko auzapeza. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/10/03 11:16

Aurten, Jauregi aitzinean den parkean hainbat berrikuntza egin dira. Haurren jostagune bat ezarri da, 30 arbol fruitudun landatu dira, mahaiak jarri dira, eta sei baratze partekatu sortu dira. Horietatik bost herritar batzuek erabiltzen dituzte, eta seigarrena Munhoa Ikastolak. Parkearen berrantolaketarako 125.000 euroko inbertsioa egin da.

Eliza dorrean ere obra handiak egin dira, ezkila erortzekotan zen. Tindaketa eta zurgintza lanek gastu handiak ekarri dituzte: orotarat 240.000 euro, eta horietatik %90 diru laguntzetarik.

Bestalde, herriko etxearen jabegoko den Haizpea etxean proiektu berritzaile bat bultzatzen ari dira: Euskal Herriko edarien etxea. Bertan, eskualdeko edari alkoholikoak, jusak, konbutxak, tisana edo tea bezalako produktuak aurkeztu eta ezagutarazteko lekua izan liteke. Halaber, lan-gune bat ere aitzinikusi da, eta inkubagailu baten erosketa ere aztertzen ari dira. Haizpea etxeko egitasmoak 2 milioi euroko inbertsioa izan dezake.

Etorkizunari begira, herriak beste hainbat proiektu ere ditu: haurtzain-etxe baten irekiera, bizitegi berrien eraikuntza, eta hilerriaren handitzea, besteak beste.

Azkenik, herriko bozkei begira, kontseiluan ez dute oraino zehazki aipatua, bainan Philippe Etchenique auzapezak erran daukunaz, auzapezgoan segitzeko prest liteke.

Interesgarri izanen zaizu