“Euskal Herriko Fauna Gida” liburua oinarritzat harturik, bere gogoetak plazaratuko ditu Iker Elosegi naturalistak ostegun honetan, 2026ko Otsail Ostegunen azken hitzorduaren kari. Gure inguruko bizidun eta basapiztier buruzko interesa piztu nahi du.
Basapiztiak eta bizidunak gure inguruan denetan dira... Baina ez ditugu gehiago ikusten. Hara zer izan zen Iker Elosegi hazpandarraren konstatazioa « Euskal Herriko Fauna Gida » idazteko 2024an. Liburu hori eta bere gogoetak aurkeztuko ditu naturalistak ostegun honetan, Otsail Ostegunen kari, Euskal Herriko faunaren berezitasunak agerian ezartzeko asmotan, 2026ko ekitaldiaren sasoinaren bururatzeko.
Naturalista gisa deskribatzen du bere burua Elosegik: natura maite eta ezagutzen duen norbait, landare bat nola, non eta zergatik hola bizi den esplikatzeko gai dena. Hots, naturaz zerbait dakien norbait. Hazpandarrarentzat ez da ofizio bat, baizik eta aspaldiko interes berezi bat. Eta interesa hain handia den, non “Euskal Herriko Fauna Gida” izenean, Euskal Herriko 150 animali basen gida osatu zuen Iker Elosegi hazpandarrak, Elkar argitaletxeak eta Sua Edizioek argitaraturik. Gure bioaniztasuna aztertu eta gehiago ikasteko pizgarri izan nahi zuen.
Behar bati erantzun nahi izan du gidak, konstatazio ilun baten ondotik. Gizakiek ez dakite gehiago haien inguruan diren biziduner kasu egiten. Ez ditugu gehiago entzuten, ikusten, edota behatzen, gure inguruan diren basapiztiak. Izan ere, gure zentzuak baliatzen ez dakigu gehiago, jendartea kanbiatu dela eta, eta naturarekiko harremana ez baitute gehiago bultatzen gure aktibitateek. Iker Elosegiren arabera, gure inguruan bizi direnekiko interesa eta jakitatea galtzen dira, eta desinteres hori geroz eta gehiago garatuko da ondoko urteetan.
Eskolan ikasten ez ditugun gauzak transmititzeko asmoa zuen Elosegik. Igela, arrain, txoriak, otsoa, erleak, zizareak, edota pinpirinak… Begi bistan ez ditugun basapiztiak zein begi bistan ditugunak aurkeztu nahi izan ditu. Izan ere, nahiz eta batzuk usu ikusi, ez ditugu ontsa ezagutzen. Alabaina, idazlearen ikuspundutik, gida hori ez da katalogo bat. Hasteko, ez ditu espezia guziak zerrendatu. Alde batetik, ez baita posible. Eta beste aldetik, ez zuen liburua aspergarria izaitea nahi.
Hautuak egin ditu, jendearen kuriositatea pizteko, eta kuriosak direner gogoa emaiteko mundu horri berriz lotzeko. Hori dela eta, 150 espezie hautatu ditu, eta haien eremuak, lekuak, berezitasunak eta ezaugarriak agerian ezarri. Formatzen dituzten eko sistemak eta bizidun horier buruzko gakoak emaiten entseatu da naturalista hazpandarra.
Otsailaren 26ko 20:30etan, ostegunez, TOUZAA etxean, iraganen da Iker Elosegiren aurkezpena.