ALF’HARRO kuir gaualdia iraganen da apirilaren 18an, Alduden, Haran Ubel elkarteak eta Alfarro ostatuak antolaturik. Data garrantzitsua Altxa Lilirendako, tropako zonbaiten sorterria baita Aldude. Etxera itzultzeko momentuan, bide luzea gelditzen da.
Etxera itzultzeko tenorea? Bederen, hitzordu handi baten itxura du ibiakoitz honetakoak. Haran Ubel elkarteak eta Alfarro ostatuak antolatutako ALF’HARRO kuir gaualdiaren kari, Atxa Lili taldea Aldudera joanen da apirilaren 18an, ibiakoitz arrats honetan. 2022an sortuz geroztik, Drag Performentzia eta kabareta nahasten dituzten emanaldiak eskaintzen dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan. Eta aste honetako hitzordua sinbolikoa izanen da tropako hiru artistarendako, Aldudetik heldu baitira.
Altxa Liliaren abiapunduan, Euskal Herrira sartzerakoan saretzeko beharra. Izan ere, gaztetan, anitz kanpora joaitea erabaki zuten, homosexual edo queer izaiteko: sexilioa deitutako fenomenoa. Baina erroer berriz lotzeko beharrak agindurik, itzultzeko momentua jin zen anitzendako, eta horrekin batera saretzeko eta sortzeko beharra. Elgarrekin sortzeko. 2022an, kabaret bat muntatu zuten, beraz, bi hilabetez, Atharratzeko Bekat’Urosen kari aritzeko asmoz. Lau urte berantago, profesionalek zein amaturrek osatutako taldeak segitzen du, kide berriak bilduz bere bidean.
Drag Performentzia Ameriketako Estatu Batuetan 80ko hamarkadan sortu zen. Generoa da erdigunea. Generoa galdezkatzen dute, aldatzen dute, hanpatzen dute, edo mozorrotzen. Drag kingak, drag queenak, eta munstroak dira pertsonai nagusiak. Baina horri, kabareta gehitu dakote Altxa Liliko artistek. Kabareta batean bezala, jokoak bata bestearen ondotik egiten dira, batzuetan taldeka, batzuetan bakarrik. Performantzia horien zehar, hainbat arte jorratzen dituzte, dantza, kantua, musika edota antzerkia, baina beti euskal kultura oinarritzat jotzean, folkloretik urrun egoiten entseatuz. Azkenean, kabareta ez da sekulan berdina, lekuaren arabera egokitzen baitute emanaldia, herritarrer begi kliska egiteko.
Bidean den proiektu bat...
Dom Campistron Alduden sortu zen, eta ibiakoitzean ttipitako lagunen, familia eta adin guzietako auzoen aitzinean emanen du performantzia. Alde batetik, intimitatez eta esperimentazioz beterik den ikusgarria sorterrian emaiteak ztrezatzen du bistan dena, baina bestalde maitasuna errezibitzeko segurtasuna badu artistak. Bere arabera, xantza bat da, haien iritzia eszenaren gainean emaiteko aukeraren ukaitea, aske izaitekoa.
Baina askatasuna agerian ezartzeko bideak ez du etenik. Behintzat, faxismoa bizirik izanen deno, egitekoa izanen da Campistronen ikuspundutik. Hain zuzen, azken urte horietan, faxismoaren gorakadak homofobia eta transfobiaren borrokatzeko beharra erakusten du. Hori da, besteak beste, Altxa Liliren helburu nagusietako bat: jendeen izpiritua idekitzen entseatzea. Horregatik, leku batzuetatik ez direno pasa haien magia banatzeko, bideak ez du bukaerarik ukanen.
Ipar Euskal Herriko hiri handienak zein herri ttipienak kuritu ditu Altxa Lilik, Atabal bezalako gela handietatik, Atharratzeko merkatu estalira. Kabareta baserritarra dela argi dutenez, nahi bat da herri ttipietan aritzea, herri ttipietatik heldu baitira. Baina batez ere mito bat hautsi nahi dute, herrietan mentalitateak hetsiagoak direla eta hiri handietan idekiagoak erranen lukeena. Gure barnekaldeko herri baserritar horietako mentalitateak ez dira bortxaz munduko hirigune handienetakoak baino okerrago, berantean, edo beste garai batean. Faxismoa denetan hedatzen den bitartean, idekidura pentze eta etxaldeen artean ere, gordetzen ahal da.
Hitzordua beraz, ibiakoitz honetan Alfaro ostatuan. 19:30etan aperitifa alaituaizanen da, 21:00etan Altxa Lili kabareta eta 22:30etan erromeria Julen Labaka eta Uxue Kerejetarekin. Sartzeak Alfaroinean erosgai atxemanen dituzue edo helloasson. Kitorik 15 urtez petikakoentzat.