Euska konfederazioak azaroaren 21an antolatuko duen manfestazioaren informazio bilkura iragan da Donapaleun.
Euskararen egoera eta azaroaren 21eko manifestaldirako deia izan dituzte aipagai bilkuran. Aurkeztutako manifestuak euskararen «larrialdi egoera» salatzen du, bereziki Ipar Euskal Herrian hiztun kopuruaren eta erabileraren ahultzea aipatuz. «Hautua egin dugu euskara izan dadin gure bizitzen bizkar hezur. Eta hautu hori errespetatzea nahi dugu», dio manifestuak.
Euskarari lege babesa
Manifestuak euskararen koofizialtasuna galdegiten du, hizkuntzak frantsesaren heineko lekua izan dezan Euskal Herrian. Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldatzea eta hizkuntza gutxituen aldeko lege bat ere galdegiten ditu.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko instituzioei euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak abiarazteko deia egiten die, «norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin».
Azaroaren 21ean, Baionan
Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei egiten die Euskal Konfederazioak. Herritarrak, langileak, artistak, kirolariak, hautetsiak, enpresariak eta komertsantak aipatzen ditu, euskaraz dakitenak zein oraindik ikasten ari direnak. «Euskara jakin ala oraindik ez, euskararen aldeko komunitatea osatzen dugun guziak elkarretaratu behar gira», dio manifestuak. Manifestuarekin bat egiten duten elkarte eta pertsonei izenpetzeko deia egin diete. Hitzordua, azaroaren 21ean emana da Baionara joateko, «euskararen garaia» dela aldarrikatzeko.