AEK-k Amikuzen eta Oztibarren helduendako euskara ikastaro berriak abiatuko ditu urrian. Maila guzietarako eskaintza zabala proposatzen da, eta izen-emateak buruilaren 8tik 17ra eginen dira.
Pasa den ekainean 100 bat ikaslek bukatu zuten AEK-k Donapaleun eskainitako ikasturtea. 12 taldetan banatuak eta 9 irakaslek gidatuak, euskara ikasteko aukera zabal eta anitza eskaini zen. Orain, ikasturte berri baten atarian, aurtengo leloak xedea argi uzten du: "Euskara goxoki ikasi eta bizi".
Maila guzientzat kurtsoak
Urriaren 6tik ekaina hundarrera, helduendako euskara ikastaroak antolatu dira, 32 asteko iraupenarekin. Maila guzientzat kurtsoak izanen dira: hastapenetik alfabetatzera arte, eguneko zoin gaueko ordutegietan, astean 5 edo 6 orduz.
Izen-ematea: Buruilaren 8tik 17ra
Ikastaroetan izena emateko, permanentziak antolatu dira:
Donapaleun, Gau Eskolan (Gambetta karrika 36): buruilaren 8tik 17ra, 13:00etatik 19:15era.
Larzabalen, Espelletenia ostatuan: buruilaren 10ean, 16:00etatik 19:30era.
Interesatuek xehetasun guziak ukaiten ahalko dituzte. Izena emateko presentziaz aurkeztea beharrezkoa da, telefonoz ez baita izenik hartzen.
Prezioak eta CPF aukera
Ikasleek AEK elkarteko kide izateko 40 euroko kide txartela ordaindu behar dute.
A2 mailatik goiti, ikasleek CPF (Compte Personnel de Formation) bidez ordaintzeko aukera dute, AEK-k duen Qualiopi ziurtagiriari esker.
CPF erabil ez dezaketenentzat, prezio bereziak eskaintzen dira:
160/192 orduko ikastaroak: 388 € (edo 342 €, zerga tasarik gabe)
96 orduko ikastaroak: 285 € (edo 240 €, zerga tasarik gabe)
Euskara Praktikatzeko animazioak
Urtean zehar, Gau Eskolak eta animazio taldeak hainbat ateraldi eta jarduera antolatuko dituzte ikasleek elkar ezagutzeko eta euskara praktikan jartzeko. Aurten, gainera, Korrikaren karietara, euskarazko animazio bereziak antolatuko dira. Xehetasunak iragarriko dira ondoko hilabeteetan. Amikuzeko eta Oztibarreko AEKrekin harremanetan sartzeko amikuze@aek.eus helbide elektronikorat idatz daiteke.