Har’Eman elkarteak antolaturik, mintzaldi interaktiboa eskainiko da otsailaren 27an ostiralez, 20:00etan, Irisarriko Denen Etxean.
Euskaratik euskarara eraikitako dinamika
Har’Eman elkartea aspalditik ari da Irisarrin kultur ekitaldiak antolatzen, betiere euskarari lehentasun osoa emanez. Euskara ikastaroak abiatu zituzten lehenik; ondotik, mintza-praktika saioak antolatzen hasi ziren, eta iaz kabalkada ere aurkeztu zuten, guztia euskaratik euskarara pentsatua eta egina.
Horren erakusgarri da gaur egungo egoera: herria euskararekin bizi da, eta aldi berean, euskarak herria biziarazten du. Testuinguru horretan kokatzen da ostiral arratseko mintzaldia: tokiko bizipenetik abiatuta, gogoeta zabalago bat piztea du helburu.
Hizkuntzaren lekua herrietan, ikuspegi pedagogikotik
Eneko Gorrik herrietan euskarak duen lekuari buruzko esperientziak eta gogoetak partekatuko ditu. Besteak beste, Baxenafarroako hizkuntza errealitatea azalduko du, hizkuntza politika orokorren lehentasunak argituz eta tokiko eragileen arteko osagarritasunaren garrantzia azpimarratuz.
Mintzaldia interaktiboa izanen da, lantegi moduan antolatua. Helburua da parte-hartzaile bakoitzak informazioa bereganatzeaz gain, bere ingurunean euskararen egoera hobetzeko zer aldatu edo sustatu dezakeen gogoetatzea.
