Liburu hori osatzeko, AEK-k udan antolatzen duen euskara ikasteko Urepeleko barnetegian parte hartu duten pertsonen lekukotasunak bilduko dituzte. Liburua ilustratuko duen artista ere hautatua dute.
Aurten, beraz, « Euskara zendako ikasi? » izanen da liburuaren ardatza. Urepeleko AEK-ko Mikel Pomadere-ren laguntzarekin, euskara ikasi dutenengana joanen dira hemendik aitzina, haien bizipenak eta lekukotasunak biltzeko.
Lekukotasuna eman nahi duen euskara ikasi duen orori deia zabaltzen dakote. Horretarako, Mikel Pomadere-rekin harremanetan sartu behar da, 06 41 41 30 62 telefono zenbakira deituz.
Artista ilustratzailea Margaux Duseigneur izanen da. Correze eskualdean bizi da, "Après la pluie" komikia plazaratu du aurten, istorio politiko, ekologiko eta sozial bat, Lurrean bizitzeko ditugun moldeak zalantzan jartzen dituenak, eta kolektiboki antolatzeko eta elkartasun-forma berriak asmatzeko ukaiten ahal dugun gaitasuna. Margaux Duseigneur Kolektibo baten kide da ere, Le Sénéchal gunean ari dena. Eta kantaria ere da, okzitandarrez kantatzen du.
Abendu honetan, beste bi liburu argitaratuko ditu Haran Ubelek
Batetik, Moi Moi kolektiboko Nahia Zubeldia eta Benoit Bonnefrite artistekin egin margo-lanen liburua argitaratuko dute.
Bestetik, Dom Campistron-ek idatzitako « Gazteluan » haur-liburua ere plazaratuko dute. « Etxean » liburuaren segida da. Lehen liburuan, familia barneko bortizkeriak aipatzen zituen idazleak; oraingoan, berriz, genero-identitatearen gaia lantzen du « Gazteluan » liburuan.