Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Faxismoaren kontrako bertso afaria eginen da azaroaren 13an Donibane Garazin

Gaga, Aldaka eta Pitxu gaztetxeek bertso afaria antolatu dute azaroaren 13an Donibane Garazin, Le Canon Français-ren eskuin muturreko ideien kontrako aldarria zabaltzeko.

Faxismoaren kontrako bertso afaria eginen da azaroaren 13an Donibane Garazin
Gaga, Aldaka eta Pitxu gaztetxeko kideak. IRULEGIKO IRRATIA
Mattin Lerissa
2026/11/09 15:42

Faxismoaren eta frantses nazionalismoaren kontrako mezua zabaldu nahi dute Gaga, Aldaka eta Pitxu gaztetxeek. Horretarako, bertso afari bat antolatu dute azaroaren 13an, ostiralarekin, 20:00etan, Donibane Garaziko Gaga gaztetxean. Ekimenaren bidez, Le Canon Français-k azaroaren 28an Miarritzen antolatu behar duen bazkariaren inguruko kezka agertu eta ideologia faxistei aurre egiteko elkartzeko deia egin dute.

Gaztetxeetako ordezkarien arabera, Le Canon Français-k antolatutako bazkaria ez da otordu soil bat. Frantses nazionalismoaren eta balore kontserbadoreen zabalkundeari lotua dela salatu dute, eta eskuin muturreko finantzaketa ere aipatu dute. Pierre-Édouard Stérin enpresaburuak egitasmo horiek diruz laguntzen dituela azaldu dute. Gazteek ohartarazi dute horrelako ekitaldiek ideologia erreakzionarioak hedatzeko bidea ematen dutela, eta Ipar Euskal Herrian ere mugimendu faxistak sortzeko arriskua ekar dezaketela.

Faxismoaren kontrako mobilizazioak

Azken egunotan, Le Canon Français ekimenaren kontrako hainbat mobilizazio egin dira. Donibane Lohizunen Santa Barbarako harresian agertu da «Canon Français ez kanpora» mezua tindaturik. Gaztetxeetako kideek uste dute beharrezkoa dela faxismoaren kontrako kontzientzia piztea eta elkartzea. «Faxismoa aitzinatzen eta zabaltzen ari da mundu osoan», oroitarazi dute. Horren aitzinean, antolatzeko eta elkarrekin ekiteko beharra azpimarratu dute.

Azaroaren 13ko bertso afarian lau bertsolari ariko dira: Elixabet Etxandi, Ramuntxo Christy, Aitor Bizkarra eta Unax Aizpurua. Bertsoen bidez, gai politiko eta sozial horiek aipatzeko parada eskaini nahi dute antolatzaileek. Afaria hiru gaztetxeek elkarrekin prestatuko dute. Prezioa 10 eurokoa izanen da. Erreserbak egiteko, 06 26 01 03 09 zenbakira idatzi behar da.

Interesgarri izanen zaizu